Bertan behera utzitako borrokak besterik ez dira galtzen

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Pasa den ostegunean Labrazako zentral eolikoaren obrak bisitatu zituzten Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak eta Iberdrola Renovablesen CEOak. Joan den maiatzean, leku berean, lurraren defentsan bost pertsona kateatu ziren, proiektu horrek dakarren arpilatzea eta suntsiketa salatzeko.

Trajez jantzita eta kameren aurrean irribarre bat eginez, sailburua erabat arrotz agertu zen Labrazako Kontzejuaren borondatearekin. Labrazako kontzejuak hasieratik baztertu baitu zentral eolikoen makroproiektu hau. Sailburu eta CEOaren presentziak Ibex 35eko enpresek ordezkatzen duten oligarkia estatal handiaren interesei herri-ondasun batzuk derrigorrez ematea sinbolizatzen du. Ondare naturala komunitatearena izateari utzi eta aktibo finantzario bihurtzen da, inbertitzaile eta akziodunentzako mozkin-iturri. Horrela, orain arte logika espekulatibotik kanpo zegoen kapital natural bat negozio-nitxo berri izatera pasatzen da.

Labrazako zentral eolikoaren kasua, benetako legegintza-auditoretza independenteen arreta piztu beharko lukeenaren adibide garbi bat da. Proiektu honen izapidetze eta gauzatze prozesua irregulartasunez beterik baitago.

Horren hiru adibide: Lehenengoa; kontzejuaren baimenik gabe kontzeju-lurrak okupatzea, lursail horietan esku hartzeko. Bigarrena; galtzeko arriskuan dagoen espezie batek habiak egiten dituen bitartean babestutako gune batean obrak hastea. Obra horien ondorioz, ingurumen-jarraipena egiten ari zitzaion txita bat hil zen. Hirugarrena; baso-legediaren oinarria urratuz, Eusko Jaurlaritzak Labrazako Kontzejuari dagozkion mendiko herri-lurretan egindako desjabetzeak. Honako hau baitio legeak: "Baso-jabe publikoko mendiak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren titulartasuna larritzen duen zergarik ordaindu behar".

Praktikan, lege hori urratuz, Eusko Jaurlaritza bera, herri-ondasunak energia-enpresa baten zerbitzura jartzen ari da, akziodunentzat errentagarritasuna sortzeko helburuarekin. Lankidetza publiko-pribatua erabiltzen dute gauzatze tresna bezala.

Beldur gara Labrazan gertatutakoa ez ote den kasu isolatu bat izango. Badirudi hori izango dela gure lurraldean trantsizio berdea deritzona ezartzeko ohiko eredua. Ez da kasualitatea lehen proiektu honen enpresa sustatzailea den Aixeindar, Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren partaidetzarekin osatua egotea. Beraien asmoak argitara atera dituzte, administrazio publikoaren eta energia-operadore handien arteko aliantza egin eta garapen-eredu bera bultzatzea.

Kontraesan guzti hauen gainetik eta proiektuen gauzatzea errazteko, arau-esparrua aldatu eta legedia merkatuaren beharretara egokitzen saiatzen ari dira. Horren ondorioa ikusi dezakegu: naturaren gainean logika teknologiko eta finantzario baten garaipena; bizitzari eusten dioten oinarrien gainean onura ekonomikoa helburu izatearen garaipena eta gure existentzia bera mende duten ziklo ekologikoen gainetik lurraldearen ikuskera estraktibistaren garaipena.

Baina, batez ere, eredu zentralizatu, pribatizatzaile eta kolonial baten ezarpena ikusten ari gara. Mendeetan zehar baliabide naturalak kolektiboki kudeatzeko gaitasuna erakutsi duen lurralde-antolaketa historiko baten gainetik kokatuz: komunalaren gainetik. Jabetza kolektiboan eta ondasun naturalen aprobetxamendu partekatuan oinarritutako sistema, hain zuzen ere. Jabetze pribatua mugatzen duena, etorkizuneko belaunaldientzako kontserbazioa bermatzearen alde

Gertaera hau ez da Labrazara mugatzen.

Arabako Mendiak Aske elkartetik, naturaren suntsiketari, ondasun komunen suntsiketa dakarren pribatizazioari, eta lurren kentzeari aurre egiteko garaia iritsi dela ohartarazten dugu. Komunalak defendatzeko eta bere balioa aldarrikatzeko garaia da, gure bizitza kolektiboa sostengatzen duelako eta guztion ondarea delako.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Irakurleen gutunak Iritzia
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...