Berrizen bikotekidea hiltzen saiatzeagatik atxilotutako gizona espetxeratu dute

  • Pasa den astelehenean atxilotu zuten 48 urteko gizonezkoa, Berrizen (Bizkaia), bikotekidea labankadaz hiltzen saiatzea egotzita. Asteazkenean utzi dute epailearen esku, eta Durangoko Auzialdiko Auzitegiko Atal Zibileko eta Instrukzioko 4. plazak erabaki du behin-behinean espetxeratzea. Bezperan, ehunka herritarrek indarkeria matxistaren aurka manifestazioa egin dute Berrizen.


2026ko apirilaren 9an - 09:29
EITB
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Gogor salatzen dugu indarkeria matxistaren adierazpen hau", adierazi du Berrizko Mugimendu Feministak: "Min ematen digu eta amorrua sortzen digu halako eraso larriak oraindik gertatzen jarraitzeak. Ez dugu onartzen, ezta onartuko ere, emakumeen aurkako indarkeriaren inolako adierazpenik". Erasoen aurrean, autodefentsa feminista lelopean egin dute manifestazioa: "Ezin dugu onartu beldurra gure kaleetan txertatzea. Hemen bildu gara, biktimari eta haren seme-alabei esateko ez daudela bakarrik, herri hau euren babes-ezkutua dela". Manifestazioarekin bat egin duen Emakundek, halaber, herritarrei dei egiten die emakumeen kontrako indarkerien aurrean gaitzespena aktiboki erakustera, Berrizko Udalak asteartean plazaratutako adierazpen instituzionalaren ildotik.

Erasoa

Etxebizitza batean izan zen erasoa, goizeko 07:20 aldera. Bertan zeuden emakumearen lau seme-alabak, eta haiek eta bizilagun batek geratu zuten erasotzailea. Ertzaintzak telefono deia jaso zuen emakume bat sastatzen ari zirela ohartaraziz, eta kalean atxilotu zuten erasotzailea. Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zuten; halaber, biktimaren alabetako bat, 15 urtekoa, arin zauritu zuen aitak. Gizonezkoa hilketa saiakera egotzita atxilotu dute.

Hiru emakume erailak urte hasieratik

Apirilaren 3an Ertzaintzak jakinarazi zuen 45 urteko gizonezkoa atxilotu zutela Basaurin (Bizkaia), indarkeriazko hilketa egotzita. Bi egun lehenago, haren bikotekidea topatu zuten hilik etxe batean. Gizonezkoak egin zuen dei larrialdi-zerbitzuetara. Gorpuari autopsia egin ostean atxilotu zuten erasotzailea, eta apirilaren 4an aske utzi, behin-behinean. Ikerketak zabalik jarraitzen du.

Martxoaren 21en, bestalde, Irungo (Gipuzkoa) emakume bat hil zuen haren bikotekide ohiak Zaragozan (Espainia); eta otsailean 28 urteko emakume bat labankadaz hil zuen bere bikotekideak, Sarrigurenen (Nafarroa).


Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.