Berriz hemen


2026ko otsailaren 11n - 14:22
Azken eguneraketa: 2026-02-18 08:58
Leire Ikaran
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Marte lasarte + Lukiek 
Non: Portuko Ranpi (Ondarroa, Bizkaia).
Noiz: urtarrilaren 16an.

---------------------------

Gogoan dut Lukiek taldea Portuko Ranpan ikusi nuen azkeneko aldia. Egia esan, ez nintzen haiek ikustera joan, Dena talde ondarroarra baizik, nahiz eta “telonero” bezala aritu. 2020ko negua zen, eta ez ginen kontziente horrelako gauak bukatzear zeudela, behintzat, aldi luze batez. Urte batzuk geroago hemen nago, Portuko Ranpan, Denako taldekideen konpainian, Lukiekeko mungiarrak berriz ikusteko prest.

Marte Lasartek ekin dio giroa berotzeari. 2023an sortu zen, Skakeitan taldearen metamorfosi gisa. Borja Anton eta Peio Armendarizek hasitako proiektuari ostean batu zitzaizkion Lore Nekane Billelabeitia (Belako) baxuan, eta Alex Alonso (ETS, Gari) baterian. 

Sekula ikusi gabe, pentsatu dut ea gaurko kontzertua ez ote den izango Skakeitanen bertsio modernoago bat, badakizu, ska doinuak ez baitaude "modan" oraingoz. Kontzertuan kantuak aurrera egin moduan, konturatu naiz neu ere apustua beste bat dela. Hemen beste heldutasun bat nabari da. Peiok eszenatokia hartzeko duen era beste bat da, intentsitatea ere desberdina, ilunagoa agian. Indarrik ez zaio falta, eta iruditzen zait oholtza gainean emozioen karrusela martxan duela etengabe, itxurakeriarik gabe. Letrak bereak dira eta nabari da. 

Kantu berriak eta ez hain berriak jo ostean, bertsioen txanda iritsi da. Horrelako hiru ekarri dituzte, bata bestearen atzetik. Ez gara gutxi izan Elurretan (Itoiz) abestia hasieratik amaierara kantatu dugunok. Nostalgikoen txanda iritsi da Me voy kantuarekin. Skakeitanek Tremenda Jauriarekin egindako kantua da; jada nabari zen taldea beste bide elektronikoago batzuk hartzen zebilela. Eta nostalgikorik nostalgikoenak dantzan jartzeko modukoa izan da azkena:  Nancy Sinatraren These boots are made for Walkin'.

Ostean etorri da Josu Ximun eta bere outfit performatiboa. David Lynch-en Eraserhead pelikulako protagonista gogorarazi dit bere orrazkerak. Detailez betetako amerikana darama soinean, sorbalda batean, bereizten ez dakidan argazki baten zianotipia josita; eta bestean, sare bat, arrain itxurako amu batekin barruan. Behetik gona luze ilun bat, eta botak.

Lukiekekoei elkarrizketa batean irakurri nien erromantiko batzuk direla, horrek eramaten dituela diskoak kaleratzera; eta taldeak bere trilogia bukatu du aurkezten dabilen #3 diskoarekin. Ximon Agirreren portadak aise harrapatzen ditu, nire ustez, taldeak abestiekin sortzen dituen paisaiak. Munstroak, iratxoak eta beste mila izaki arraro kabitzen diren leku ilunak dira mungiarren abestiak. Esango nuke hiru diskoetatik, azken honetan hartu dutela askatasun gehien, Subaru bat doble filan abestia horren adibide garbia.

Trilogiari bukaera emango dioten edo ez, momentuz ezin dugu jakin. Hutsetik hasteko aukerarik ez dago, baina beste zeozer guztiz desberdina egiteko aukera hor dute, eta seguru nago datorrenak harritu egingo gaituela. Kontzertu honek harritu gaituen era berean.

Eskerrak horrelako gauak bueltatu diren.                                                                                                                                         
 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.