Berriozarren atxilotutako zortzi gazteak libre utzi dituzte

  • Asteartean Berriozarren atxilotutako zortzi gazteetako bost libre utzi ditu epaileak ostegun honetan. Karguekin utzi dituzte libre eta urruntze aginduarekin. Adinez gazteak dira beste hiruak eta asteartean bertan askatu zituzten.

Atxilotuen alde egindako mobilizazioetako bat. Ahotsa.info

2026ko irailaren 25ean - 10:43
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Uztailaren 19an, Espainia-Argentina Munduko Futbol Kopako finala ikusten ari zirela, Berriozarko taberna batean herritar talde bati –horietako batzuk militarrak– eraso egitea leporatzen diete. Epaileak zauri larriagotuak, ordena publikoaren aurkako delituak eta legez kanpoko armak izatea leporatzen die. Lehenbiziko kalifikazioan, gainera, erasotzaileei gorroto delitua ere leporatzen diete, eta hala mantentzen bada, horrek zigorrak areagotu ditzake.

Hiruri leporatzen zaizkie zuzeneko erasoen egile izatea, eta bati Berriozarren sinbologia nazia zeramaten herritarrei buruz informazioa pasatu izana. Aipatu hiru horiei Berriozarren egotea debekatu diete; bat bertan bizi da, eta bakarrik etxetik sartu-irten ahal izango da, gainerako denboran herrian egon ahal izan gabe. Militar taldeko gehienak Aitzoaingo kuartelean bizi dira, eta handik 500 metrora hurbiltzeko debekua ezarri zaie gazte guztiei.

Atxiloketak Guardia Zibilak eta Foruzaingoak egin zituen Iruñerrian eta erabilitako molde gogorrak salatu dituzte hainbat eragilek. Defentsetako iturrien arabera, bost atxiloketa goizaldean egin ziren, aldez aurretik zitaziorik egin gabe, eta etxeetako ateak botata. Atxilotutako baten aita ere esku-burdinekin izan zuten.

Iruñerrian hainbat mobilizazio egin dira atxilotuei sostengua emateko eta faxismoaren aurka, bai irailaren 22an bertan, baita ostegun honetan ere.


Antifaxismoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.