"Oraingoz, Jose Miguel Zumalabe eta enparauek sortu zuten taldeak egin du egunkari bat euskaraz, kosta ahala kosta eta oztopoak oztopo. Egunkari bat duin eta zabala, eta ona. Eta egin dutena eta egiten dutenagatik ohorea eta laguntza merezi dute, mugarik gabeko laguntza. Beste batzuk batez ere, Berriaren parekoa litzatekeen beste egunkari bat egiteko gauza ez badira behintzat. Eta ez ditzala inork jantziak urra hori diodalako. Ea behin betiko konturatzen garen herri honetan lanak elkarrekin egin behar ditugula, eta hau egia dela bai eskumarako, eta bai ezkerrerako. Honelakoak ikustean, Jon Bilbao zenak behin kontatu zidanarekin gogoratzen naiz beti, antza, Kuban sorturiko beraren lagun euskaldun abertzale batek zioenez, hiru ei direlako euskaldunon bertute nazionalak: mesfidantza, lukurreria eta gezurrak esateko joera. Ez ahal da hala izanen!" (2003-08-17)