Berrehun emakume baino gehiago drogatzeagatik ikertzen ari dira Frantziako funtzionario ohi bat

  • 2009tik 2018ra, Frantziako Kultura Ministerioan lan egiten zuen funtzionario batek ia 250 emakume drogatu zituen lan elkarrizketa egiten zien bitartean. Drogak pixagura eragiten zien emakumeei, eta gizonak kale bazterrean egiteko esaten zien, zelatatzen zituen bitartean. Frantziako Poliziak 2018an abiatu zuen ikerketa, erasotzailearen ordenagailuko dokumentu batean drogatutako emakumeen zerrenda aurkitu zuenean.


2026ko abuztuaren 20an - 10:50
2024ean Gisèle Pelicoti sumisio kimikoaren eraginpean egindako sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea Parisen. Efe
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Lanposturako elkarrizketatua izaten ari zen emakumea drogatu eta, sumisio kimikoarengatik, emakumearentzat pixagura eustea "jasanezina" zenean, kale bazterrean pixa egiteko esan. Horrela jardun zuen Frantziako Kultura Ministerioko funtzionario Christian Nègrek ia hamar urtez, 2009tik 2018ra arte. Gutxienez 240 emakumeri egin zien eraso. Frantziako Polizia funtzionario ohia ikertzen ari da, drogatzea, intimitatatea urratzea eta sexu erasoa egitea egotzita.

BBC hedabide britainiarra erasoa jasan zuten bi emakumerekin mintzatu da, eta erasotzailearen patroia berdina dela ondorioztatu du. Hasteko, Frantziako Kultura Ministeriorako elkarrizketa egin bitartean kafe bat eskaintzen zien emakumeei. Gero, estresatuta ikusten zituela esan, eta paseora ateratzeko iradokitzen zien. Kalean zeudela, emakumeei pixa egiteko gogo "izugarria" sartzen zitzaien, kafeari botatako drogak eraginda, eta gizonak izkina batean pixa egiteko esaten zien, "lasai egoteko", berak berokiarekin "estaliko" zituela. Testigantzek aitortu dute "oso zaurgarri eta lotsarazita" sentitu zirela, baina ez zutela ulertu gertatutakoa. 

Urte batzuk geroago ulertu zuten, Frantziako Poliziak azaldu zienean kafeak droga zeramala. Orduan jakin zuten ez zirela bakarrak izan, eta erasoak sistematikoak izan zirela. 2018ko ekainean abiatu zuen ikerketa Poliziak, Nègreren ordenagailuan P Esperimentuak deitutako dokumentua aurkitu zuenean. Zera azaltzen zen artxiboan: emakumeak zein ordutan iritsi ziren bulegora, zein ordu zehatzetan irentsi zuten droga, zenbat igaro zen pixa egin arte, eta zein barruko arropa zeramaten jantzita. 

Biktimizatzeko beste modu bat

Dokumentua argitara atera zenean, erasotzaileak zuzendaritza ardurak zituen Frantziako Kultura Ministerioan. Kargutik kendu zuten, eta gero bota zuten Kultura Ministeriotik, 2019an. Une honetan ikerketapean dago. Oztopo batzuk daude bidean: izan ere, adituen arabera, frogak ez direnez garaiz egin, zaila da arrastoak aurkitzea odolean, pixan edo ilean. 

Nègreren sumisio kimikoaren menpe egondako testigantzek salatu dute prozesu judiziala "asko" ari dela luzatzen, batzuek Poliziarekin 2019an hitz egiten zutelako lehenengoz. Justiziaren moteltzea sexu erasoa jasan dutenak "biktimizatzeko beste era bat" dela salatu dute. 


Indarkeria matxista kanalean gehiago
2026ko irailaren 2
Adriana Muñoz, Guatemalako Otrans erakundeko kidea
"Demokraziak emakume transak ahazten jarraitzen du"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...