Bernedoko udalekuak egiteko baimena ukatu die Arabako Diputazioak antolatzaileei

  • Sarrea elkarteari 9.000 euroko isuna jarri diote, hiru urtez inhabilitatu eta dirulaguntzak ukatu, eta aurtengo Bernedoko udalekuak antolatu behar zituen Dorrekoa elkarteari ere baimena ukatu dio Arabako Diputazioak, baldintzak betetzen ez dituztela argudiatuta.


2026ko ekainaren 5ean - 10:17
Azken eguneraketa: 15:33
Euskal Udalekuak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Asteazkenean El Correo egunkariak filtratu zuen albisteak zioen aurten ez dela Euskal Udalekurik izango Bernedon, Arabako Foru Aldundiak udalekuak antolatzen dituen Sarrea elkartea zigortuko baitzuen. Udalekuek, ordea, aurtengo edizioa antolatzeko asmoa berretsi dute, 200 umetik gorak izena eman baitute: Sarreak ez, baina beste elkarte batek, Dorrekoak, antolatuko zituen. Ostiralean jakinarazi du Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak elkarte horrek ere ez duela baimenik udalekuak antolatzeko, baldintzarik betetzen ez duela argudiatuta, zehaztasun gehiago eman gabe; elkarteko kideek ARGIAri baieztatu diote, ordea, lege eskakizun guztiak bete dituztela. Diputatuak jakinarazi du Ertzaintzarekin harremanetan dagoela "gatazkak" saihesteko.

Sarrea elkarteari, orain arte Euskal Udalekuak antolatu dituenari, zigor espedientea ireki zion diputazioak, udalekuak "diputazioari komunikatu gabe" egiteagatik. Espediente horretan, ikuskariak ebatzi du 9.000 euroko isuna jartzea elkarteari, eta Arabako Foru Aldundiak zigor hori berretsi du. Horrez gain, hiru urtez aisialdiko jarduerak antolatzeko inhabilitatuta egongo da elkartea, eta tarte horretan bertan ezingo du dirulaguntzarik eskatu. 

Iazko irailean egin zuen eztanda Bernedoren inguruko polemikak, guraso talde batek salaketa jarri ondoren. Begiraleei leporatu zieten dutxa mistoak ezarri eta adin txikikoak elkarrekin dutxatzera “behartu” zituztela, besteak beste. Begiraleek, ordea, hori ukatu zuten, eta nabarmendu zuten udalekuei buruzko “gezurrak eta difamazioak etengabeak” izan zirela. Salaketen berri izan ostean ireki zien Arabako Foru Aldundiak espediente administratiboa, ikerketa judizialarekin batera. Ostiralean jakinarazitako ebazpena espediente administratiboari lotutakoa da, ez die erantzuten gurasoek jarritako salaketei.

Horrez gain, diputatuak jakinarazi du udalekuak arautzen dituen azken legea 1985ekoa dela, eta 2022ko gazteria legeak ez duela arlo horretako protokolorik. Hori horrela, azaldu du lanean ari direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta protokolo bateratuak sortu dituztela; tartean, salaketak jartzeko kanala. Eta oraindik legea bukatu barik badago ere, egungo izen-emateak protokolo berri horrekin egiten ari direla: delitu sexualen aurrekariez gain, erantzunkidetasun sinadura ere eskatzen diete udaleku pribatuak antolatzen dituztenei.

Euskal Udalekuak, lanean

Albistea publiko egin berritan zabaldu du Euskal Udalekutako taldeak prentsa oharra. "Triste eta kezkatuta" azaldu dira euren proiektuaren "etengabeko" erasoekin. Berretsi egin dute legezko betekizun guztiak betetzen dituztela, eta, hori horrela, Arabako Foru Aldundiaren debekuaren aurrean zer egin daitekeen aztertzen ari direla azaldu dute. Jasotako babesa eskertu dute eta lanean jarraituko dutela baieztatu dute.

 


Irakurri gehiago: Bernedo Euskal Herria Araba
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...