2022ko martxoaren 13an Ibai Aginaga preso politikoari harrera ekitaldia egin zioten Berangon (Bizkaia). Horren harira, hamasei pertsona auzipetu zituzten ustez terrorismoari gorazarre egiteagatik. Orain absolbitu egin dituzte.
Epaiketa ekainaren 8an eta 9an egin zen Madrilen, Auzitegi Nazionalean, eta amaieran aldeek euren eskariei eutsi zieten. Fiskaltzak bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, hamabost urteko inhabilitazioa eta 5.100 euroko isuna eskatu zuen hamasei auzipetuetako bakoitzarendako. Dignidad y Justicia akusazio partikularrak –Vox eta Villacisneros Fundazioarekin batera–, hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuten akusatu bakoitzarentzat. Defentsak, aldiz, absoluzioa.
Ahozko saioan ikusi ahal izan zenez, akusazio partikularrak Guardia Zibilaren txostenean oinarritzen ziren akusatuei terrorismoa goratzea leporatzeko. Txosten horren arabera, informatzaile sekretu batek ekitaldiko diskurtsoak grabatu zituen. Hala, Ibai Aginagari ohorezko korridorea egin ei zitzaion, loreak oparitu, egindako borrokagatik eskerrak eman eta ETAren aldeko oihuak egon ziren. Defentsarentzat, aldiz, ez dago argi grabazio horiek existitzen diren ere, eta baldin badaude nola lortu ziren azaldu beharko litzateke. Fiskaltzak azaldu zuenez, informazio-iturria babesteko gorde dira grabazioak edo euskarriak.
Defentsaren esanetan, Berangoko ekitaldia adierazpen-askatasuna, iritzi-eskubidea eta parte-hartze politikoaren barruan egin zen, eta horregatik absoluzioa eskatu zuen. Epaimahaiak bat egin du defentsarekin eta absoluzioa ebatzi du guztientzat.
Akusatuek ekitaldi pribatua izan zela defendatu dute eta auzia eskubide politikoen inguruan kokatu dute beti. Berangokoekin Elkartasun Komitea ere sortu zuten akusatuei sostengua emateko, eta horren bi kideren esanetan, “Ongietorriek balio dute militante politikoek urte luzez eginiko esfortzua aitortzeko”.