Benzogutuna: bentzodiazepinen kontsumoa gutxitzeko Osakidetzaren egitasmoa

  • Osakidetzaren datuen arabera, proiektu pilotuan parte hartu zuten pertsonen %22ak tratamendua utzi zuen. Horregatik, egitasmoa biztanleria osora zabaltzea erabaki dute.

Irekia.eus

2026ko uztailaren 24an - 06:59
Azken eguneraketa: 09:23
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nerbio sistema zentralean eragiten duten botika psikotropikoak dira bentzodiazepinak. Nagusiki antsietatea tratatzeko, insomnioari aurre egiteko, giharrak erlaxatzeko eta konbultsioak kontrolatzeko erabiltzen dira. Osakidetzaren arabera, epe laburrean eraginkorrak izan daitezkeen arren, hiru hilabetetik gora erabiliz gero, gorputza ohitu egiten da, tolerantzia handitzen da eta menpekotasuna sor daiteke. Horregatik, bentzodiazepinen kontsumoa gutxitzeko asmoz, Benzogutuna egitasmoa jarri dute martxan.

Programa, batez ere, hiru hilabetetik gorako tratamendua daramaten eta bentzodiazepinak edo antzeko botikak hartzen dituzten pertsonei zuzenduta dago, betiere osasun erakundeak ezarritako irizpide klinikoak betetzen badituzte. Helburua da pazienteei botikak uzteko prozesuan laguntzea, botiken erabilera egokia sustatuz eta tratamendu luzeek eragin ditzaketen arriskuak murriztuz.

Horretarako, familia medikuak sinatutako gutun pertsonalizatu bat bidaliko zaie pazienteei, botikak modu mailakatuan eta seguruan gutxitzeko gomendioekin eta lo ohitura osasuntsuak sustatzeko aholku praktikoekin. Guztira, insomnioa duten eta tratamendua pixkanaka murrizteak edo uzteak onura ekar liezaiekeen 20.000 pazientek jasoko dute gutuna.

Aditu batzuek ohartarazi dute botiken erabilera murriztearekin batera osasun mentaleko arreta indartu beharko litzatekeela

Proiektu pilotuaren emaitzei dagokienez, parte-hartzaileen %22ak bentzodiazepinen tratamendua erabat uztea lortu zuen, eta %18,8ak kontsumoa gutxitu zuen. Proiektu pilotuak urtebete iraun du. Bilbo-Basurtuko, Barrualde-Galdakaoko, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako eta Debabarreneko ESIetan egon da martxan. Orain, Osakidetza osora zabaldu dute.

Osakidetzako datuen arabera, horrelako tratamenduak jasotzen dituzten pertsonen kopurua handitu egin da azken urteetan. 2026ko urtarrilaren 1ean, 300.000 pertsonak gomendatutako epea baino luzaroago zeramaten bentzodiazepinen edo antzeko psikofarmakoen tratamenduan. Emakumeei eragiten die bereziki; izan ere, 70 urtetik gorako emakumeen %40,3ak psikofarmakoen preskripzio aktiboa dauka, eta gizonen kasuan, %20,8ak. Martxoan, Osakidetzak kezka adierazi zuen datu horiengatik, eta psikofarmakoen kontsumoa gutxitzeko plan bat iragarri zuen. Horren barruan kokatzen da, hain zuzen ere, Benzogutuna.

Hala ere, aditu batzuek ohartarazi dute botiken erabilera murriztearekin batera osasun mentaleko arreta indartu beharko litzatekeela. Planaren harira, Ziortza Karrantza psikologoak ARGIAn egindako elkarrizketa batean aferaren jatorria aztertzearen garrantzia azpimarratu zuen: “Ez dago jarraipenik ikusteko zerk eraman zaituen pilula hori hartzera. Osasun mentala, oro har, ez dago batere ondo Osakidetzan. Oso psikologo gutxi daude, eta gehienok pribatuan gaude. Gehienek ezin dute hori ordaindu. Pilulek gizarteak nahi duena ematen dizute: momentuko lasaigarria edo onura. Terapia, berriz, astiroago egiten da”.


Osakidetza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...