Benito Lertxundi: "Ez Dok Amairu denbora bat da, gaurdaino irauten du, jarraitzen du!"

  • 45 urte daramatza kantari, euskal kantagintzaren izen handietakoa egina. Bide luze horretan, hamaika disko ditu eginak, beraren gaineko liburuak argitaratuak ere badira, eta hainbat eta hainbat elkarrizketa, erreportaje, bideo eta gainerako ageri dira bateko eta besteko hedabideetako hemeroteka orrietan eta Argia aldizkarian bertan ere. Hala ere, berarengana jo dugu, orain artean jaulki ez duen perlaren baten bila.

    Trinitate plazan emanaldia egin berria zara, Donostian, ekain hondarrean…

    Bizpahirutan zorte txarra ere izan dut Trinitate plazan. Zerupean denez, eguraldiak agintzen du. Gertatu izan zaigu kantuan ari ginela euria hastea, emanaldia geratu behar izatea, atertzea, berriz kantari hastea… Baina eguraldia lagun denean, eta plaza betea, leku polita da, gustu handikoa. Atmosfera koxkerotik ere badu, kresala ere senti liteke han… Musika tradizio handiko lekua, dudarik gabe. Aurreko larunbateko [uztailaren 3an] emanaldia dela-eta, eguraldi iragarpenak entzun ondoren, kontzerturik ez genuela egingo konbentzituta irten nintzen etxetik. Hasiko ginela, bizpahiru kantu egin eta geratu beharra izango genuela… Arrisku hori zegoelakoan. Baina eguraldia portatu zen, tenperatura egokia izan genuen, eta euri tantarik ez.


2010ko uztailaren 30an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Nola bizi dituzu inoren emanaldiak, alegia, zu entzule zarela?

Kasu bat kontatuko dizut. Victoria Eugenian zen, Donostian, Leonard Cohen entzutera joanda. Beti izan naiz haren zalea. Egin zuen kantaldia, oso ongi egin ere, bukatu, eskatu genion “beste bat”, kantatu zizkigun bizpahiru, eta benetan bukatu zuen orduan. Ondoren, gure lagun Jose Anjel Irigarai Cohen agurtzera joan zen, eta zoriontzera. Bada, Cohenek: “Ez dakit zer zuen publikoak. Lo zegoela ematen zuen. Ez zait batere gustatu!”. Irigaraik, denak loriatan egon ginela, malkotan, barnean dastatzeko kontzertua izan zela eta hau eta hura. Cohen ez zen jabetu jendea oso gustura egon zela. Bera haserre zegoen, transmititu ez zuelakoan. Kanpotik era batera ikusten dira gauzak, barrutik beste era batera.

Liturgia hitza erabili duzu arestian…

Kontzertua liturgia bat da, bistan da. Lehenengo, jendea jabetu egin da halako lekutan halako garaitan kontzertua dagoela. Aukera egiten du: “Nik emanaldi horretara joan nahi dut”. Ondoren, txartela ordaintzen du eta, beraz, kontzertua erosten du. Gero, antzokian sartzen da, eta sartzen den orduko agertokia ikusten du, era jakin batera antolatua, eta non jarriko den aukeratzen du. Jarri eta inguruari begira hasten da, bozgorailuak eta beste, eta kantariak nondik irtengo diren, non eta nola jarriko diren irudikatzen hasten da bere buruan… Hori dena kontzertua da, kontzertua hasia dago! Kantaldira joateko aukera egin duenetik hasi da kontzertua! Antzokian, emanaldia hasten da, hasten da bidaia, ibilaldia. Amaieran, ez dio axola non hasi garen, zein kanturekin, gogoratzeak.

Berdin al da Donostiako Trinitate plazan larunbatez gaueko 10etan kantatzen, edo Zangozako zinema-aretoan arratsaldeko 8etan?

Ez, ez. 45 urte daramatzat kantari, eta zinez esaten dut ez dudala inoiz esperimentatu bi kontzertu berdin egin ditudanik, inoiz gauza bera sentitu dudanik. Kontzertu batetik bestera, hil eta birjaio egiten naiz. Kontzertu bat amaitu eta inoiz emanaldirik egin ez banu bezala prestatzen naiz hurrengo kantaldiari begira. Erabat berritzen dut grina, indarra. Eta Donostian nahiz Zangozan, lekuak eta beharrak ezberdinak izan arren, guk gauza bera egiten dugu beti: emozioak dantzan jarri. Ez dugu besterik egiten.

Zangoza baino hegoalderago, Erribera. Herri behera, Herri behera, zure landen zabalera, ortzi muga den hartan mugatzen da…

Ez Dok Amairu garaian egin nuen. Erriberan, Tuteran, emanaldia nahi omen zuten; jota kantariekin batera euskarazko kantaria. Eta abiatu nintzen, gitarra hartuta. Erriberriko gaztelua pasatu, inguruari begiratu eta paraje hura behin ere ikusi gabea nintzela jabetu nintzen. Tuteran, kantaldian, joteroak kantari, eta ni ere han. Oso arrotz sentitu nintzen, Ilunpetako gizona, Loretxoa, Zenbat gera… kantatzen. Azkena kantatu eta, gogoan dut esan nuena: “Hurrengo batean nik ere kantatuko dut jota bat, euskaraz, nire hizkuntzan”. Promes egin nuen, nahi baduzu. Eta handik pixka batera, egin nuen. Herri behera.

Atarratze jauregian bi zitroin doratü… Hein batean, zeuk ekarri zenuen Zuberoa Hegoalde honetako askoren gogo-bihotzetara.

Bai, baliteke... Uztailaren amaierako bilera bat zen Ez Dok Amairurena. Han edo hemen, beti entzuten nuen Zuberoari buruz zer edo zer. “Zuberoa ezagutu behar diat!”, pentsatu nuen. Ordura arte, Zuberoa herrixka bat zela uste nuen, ez besterik. Eta eskualde bat izan! Hantxe ibili nintzen. Ordurako banituen zenbait kanta emanaldietan jotzen nituenak, Azkue, Aita Donostia edo Salaberriren liburuetatik hartuak. Atarratze jauregian, Jaun baruak, Maria Solt… Zuberoa udatiarrez betea ikusi nuen. Hala ere, Ligin ganbera bat eskaini zidan Iruñeko emakume batek, herriko Hotel Touristique-ko nagusietako batekin esposaturik zegoena. Hark ezagutu, eta berak eskaini zidan lekua. Bada, gauero ostatu hartara biltzen ziren bertako kantari zuberotarrak: Zuburu, Napo Etxekopar eta besteren batzuk. Eta hantxe ni ere, gitarrarekin, eta Atarratze jauregian kantatu nuelarik, adibidez, harrituta begiratzen zidaten. Ea nondik sortu nuen kantua! Beren memorian galduak zituzten nik kantatzen nituen kantu zuberotarrak!

Kantua baino areago, garrasi politikoa besterik ez zen izan aldi bateko emanaldia. Franco hil eta ondoko garaian, batik bat. Sasoi latza izan zen zuretzat.

Momentuko errebindikapen politikoari lotuta bizitzerik ez dago. Txalo merkea jasotzea ez da luzea. Niri ez zitzaidan giro hura gogoko. Belodromoan, 24 Orduak Euskaraz jaialdia egin zenean, ni azaldu eta txistuak! Ez nuen pentsatu niri ari zitzaizkidanik txistuka. Uste nuen guardia zibilak edo poliziak sartuak izango zirela, haiei ari zitzaizkiela! Niretzat zirela jabetu nintzenerako, “eta zergatik ari zaizkit txistuka?”, galdera neure buruari… Panfleto moduko kantu asko izan zen jaialdi hartan, “aupa eta gora eta irabazi dugu” gehiegi. Kontsigna haiek aditu eta “galdu diagu!”, pentsatu nuen nik. Amodiozko poema, Orbaiztako arma olarena, Askatasunaren semeei, Jaun baruak, Maria Solt… ari nintzen kantatzen jaialdi hartan, artean grabatu gabeko materiala, nik ontzat emana ordurako. “Zer diagu? Orain arte hemen entzun ditugun kantu guztietan, neureak dituk onenak!”, pentsatu nuen. “Gure Herri hau erabat erotu duk, ala hau ez zoak oso urrutira!”. Eta, zorionez, bigarrena gertatu zen, hark ez zuen luze jo. Nik uko egin nion garrasia besterik ez zen jaialdi haietara joateari. Hala ere, nola edo hala behartu egiten ninduten, liturgia hark sakrifizioko bildotsa behar zuelako, inondik ere. Neu nintzen bildots hura. Pospoloz betetako liturgia hartan, ni irten eta txistua pizten zen, ez pospoloa. Are gehiago, jaialdian azkena izaten nintzen kantatzen. Liturgia berriz ere. Horrela diseinatzen zuten kantaldia antolatzaileek! Ultzera ikaragarria sortu zitzaidan [erpurua eta hatz erakuslea bildu eta biribila osatu du, ultzeraren tamaina adierazteko]. Ebakuntza-gelatik pasatu behar nuela esan zidaten. Pilulak ere agindu zizkidaten, merkatura atera berriak. Nik akupunturara jo nuen, Donostian, argentinar batekin, eta lau hilabetean sendaturik nengoen, ez ebakuntza-gela, ez pilula. Hori zor diot garai hari. Gerratik etorrita bezala itzultzen nintzen kantaldi haietatik.

Ultzera hura ez ezik, ondotik etorri zen diskoa (Zuberoa) garai hari zor diozu, tarteko isilaldi, gogoeta eta lan handiari. Zure ibilbidea markatu duen diskotzat jo izan dute.

Nire lehenengo kantuen bidez, jendea Zuberoara joaten hasi zen. Hegoaldetik, alegia. Inarroste bat gertatu zen. Mugimendua. Eta kantu batek mugimendua sortzen duenean, jakin-mina eragiten duenean, indarra duela adierazten du. Orbaizetara bezala. Jendea arma-olara joan eta etxera eramanak ditu harriak, erlikia! Nik ezagutu nituen Orbaizetako olak, eta handik urteetara ikusi nuenak ez zuten deus ikustekorik. Nik ezagutu nuenean eraikina eroria zegoen, baina urteetara, are galduago, jendeak harriak eraman zituen-eta etxera! Autobuskadak joaten ziren, erromesaldian! Gertatu da Baldorbarekin. Behin, joan gara Iruñera, kantaldi baten aurkezpen edo zerbait egitera, eta kazetariaren galdera: “Izan zara aspaldi Baldorban?”, “bada, ez!”. “Joan beharko zenuke, zeharo aldatua dago, eta zurea da errua!”. Nonbait, hango ostatu, landa-turismo eta gainerakoak! Eta web orrian ere, nire kantu hura jarria dute. Hori du kantuak. Kantuak zerbait mugiarazten duenean, unibertsal bihurtzen da.

Krishnamurti eta Benito Lertxundi.

Aspaldi irakurri nuen Krishnamurti, eta denbora da berriz hartu ez dudala… baina bat egiten dut harekin gauza askotan. Har ditzagun filosofoak, adibidez. Berak dioenez, filosofoak ispilu bat eskaintzen dizu, zuk zeure burua ikus dezazun. Inportantea ez da ispilua, zu zeu baizik. Zure filosofoak horretan lagundu badizu, ondo da, nahikoa da, jo eta bota ezazu ispilu hori harrika, piztu da zugan piztu behar zuenak, zu zeu zara gauzei igarriko diezuna. Krishnamurti hor dago, baina hura orain berriz irakurtzea ez dut pentsatzen. Nahiago dut paralelismoak bilatu, beste pertsonaiaren batzuen lanak irakurri. Esate baterako, Pessoa. Oraintxe baditut hiru olerki, musikatzen ari naizena. Arima bizkia ikusten dut Pessoa. Oso gauza politak esaten ditu. “Nik ere horixe esango nikek, baina esan zian honek eta alferrik jardungo nauk ni bestela esaten!”. Pessoa ez da Krishnamurti, baina baditu paralelismoak. Niri gustatzen zait baten olerkietan dagoen bestearen usaina aditzea, Pessoaren obran dauden gauza inteligente eta interesgarriak aurkitzea, alegia, gauza inteligente eta interesgarriak nahi ditut-eta nire kantuan.

Zeuk daramazu Ez Dok Amairuren lekukoa.

Kantatzen segitzen duen bakarra naizelako?... Ez Dok Amairuk ez zuen egin erreaktoreari pospoloa jarri besterik. Garai hartako Euskal Herri lokartu, beldurtu, zokoratu hartan argia piztu zuen. Jendea idazten hasi zen, antzerkia egiten, hau eta hura egiten. Ez Dok Amairuk hainbat gauza jarri zituen martxan. Ez Dok Amairu ez da talde bat, mugarri bat baizik. Inoiz entzun dut, eta gustatu zait, “Ez Dok Amairu baino lehen, Ez Dok Amairu eta gero…”. Ez Dok Amairuk garai bat markatzen du, aro bat. Berdin. Ez Dok Amairu denbora historiko bat da. Ate bat. Pospolo hark piztu zuen gar hartatik irauten duen sua ere Ez Dok Amairu da. Batek esan duenean, “nik Ez Dok Amairuri zor diot…”, bera ere Ez Dok Amairu da! Hala da, berez. Garai bat delako, denbora bat osoa, gaurdaino irauten duena. Ez Dok Amairuk jarraitzen du, gero! Ez Dok Amairu gertatzen ari den guztia da, bere on eta txar guztiekin!

Zure jaialdi asko bukatzen diren moduan bukatzeko: Zenbat gera, lau, bat? Hiru, bost, zazpi…

Diskurtso falta ikaragarria dugu, hizketan hasi eta totelka hasten gara. Ez dut ikusten, momentuan behintzat, diskurtso egoki bat garatzeko gaitasunik, gure kontra datorren diskurtso hori zalantzan jarriko duenik. Erraz toreatzen gaituzte, errazegi engainatzen! Irudipena daukat joan deneko 40 urtean gure Herri honi ahaztu egin zaiola klabe politikoan pentsatzen eta hitz egiten. Ez daki bere nahia egoki kanporatzen, eta ez dut ikusten inor horretan ari denik. Zer ikusten dudan? Alderdiak, beren alderdikerian mozkortuta, beren alderdiak antolatzen, zertarako eta nork bere hegemoniatxoari eusteko. Txatxukerietan murgilduta, azken finean. Izan ere, Herri hau hain dago zatikatua, eta zatitzen ari, nork bere ondoan ikusten baitu etsaia! Ondokoaren kontra borrokan xahutzen ditu indarrak, ez benetako etsaiaren kontra.

Zer egin degu? Alkar jo. Zer egingo degu? Alkar hil!...

Batek esango du, “orain dela 40 urte baino hobeto gaudek!”. “Bai, ez zakiat zertan!”. Halaxe esaten zuten frankistek ere, gerra egin eta 30 urtera, gosea pasatu zenean, industria ere hasi zenean, eta abar. “Bai, baina orain dela 30 urte baino hobeto gaudek!”. Ergelkeriak! “Orain dela 40 urte baino hobeto gaude, autonomia daukagu!”. Ez al da jendea konturatzen, izan ditugun lehendakari abertzaleak ez direla izan lurralde ordezkaritza baten administratzaileak besterik? Lehendakari subiranoak izan direla uste dute, gainera. Eta hauteskunde kanpainan ere, Espainiako hizkuntza, estilo eta ereduen mende jarduten dute. Inperioaren kultura dute. Hortik ezer interesgarririk ez dator… Nik nahiko nuke Herri hau gai izatea benetako zerbait egiteko, sistemari mozorroa erantzi eta benetako aurpegia agerrarazteko modukoa, masa mugimendu gobernaezina antolatu… Beharbada, orduan, Herri honetan tankeak sartzea beste erremediorik ez lukete izango. A zer argazkiak egingo genituzkeen! A zer argazkiak, bere burua hain demokratatzat eta tolerantetzat daukaten jende horrenak! Bere benetako muturra erakustera behartu behar da jende hori.

Ez dut beste musikaririk ezagutzen horrela mintzo denik gure artean.

Nik garbi dakit ez naizen zerbait izatera behartzen nautela. Behartzen naute. Bada, ni, errebelatzen naiz. Irtenbidea ematen badidate, hau da, mundutarra izatea, oso ongi. Ilaran jarriko naiz, agiri eske. Baina badakizu zeinek galaraziko didan agiri hori hartzea? Mundua estatuetan zatikatuta nahi duten horiek. Haiek nahi dute, nik ere bai: ez naizen ezer izatera ez dut behartuta egon nahi, naizena izan nahi dut.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude