Beñat Oihartzabal: “Belaunaldi bakoitzak beharko du euskararen hautua egin; baikorra naiz”

  • Beñat Oihartzabal hizkuntzalaria omenduz hasi du eguna Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren zazpigarren edizioak. Hizkuntzalaritzaren ikerketak euskararen biziberritzeari egiten dion ekarpenaz, gizarte diglosikoaz eta euskararen etorkizunaz gogoeta interesgarriak utzi dizkigu omenduak.

Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

2026ko ekainaren 6an - 12:28
Azken eguneraketa: 19:04
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Azken urtean hil diren Jokin Urain idazlea eta Mixel Itzaina idazle eta bertsolaria izan ditu gogoan Baltsan elkarteko Maialen Tapiak, hasiera ekitaldia abiatzeko. Jendez mukuru zegoen ekitaldiko karpan, hizkuntzalaritzaren bueltako izenak ere ikusi ditugu tartean. Ziburuko Azoka euskaraz bizi garenok arnasa hartu eta indartzeko lekua dela gogoratuta, aurtengo omenduaren bizitzari egin dio errepaso Tapiak. Euskararekiko harremana, Zuzenbide ikasketen ondoren Hizkuntzalaritza ikastera egindako bidea, abertzaletasunaren kontzientzia eta protagonistaren ikerketa lanak aipatu ditu, ARGIAn Oihartzabali berari egindako elkarrizketa honetan jaso genuenaren ildoan.

Gramatikan eta hizkuntzaren azterketan, Oihartzabalek isilean zeinen lan handia egin duen nabarmendu du Tapiak, gaur egungo arauak finkatzen eta euskararen garapenean hizkuntzaren erabilera egokia eta zuzena sustatzen lagundu baitu. Irakasle gisa egin duen transmisio lana ere goraipatu du. “Euskara maite dugun guztion partetik, eskerrik beroenak eta goresmenak, Beñat”. Ostean etorri da txalo zaparrada eta ARGIAko kazetari Xabier Letonaren eskutik jaso duen oroigarria.

Euskarari lotuta, lehengo eta oraingoen artean “ene belaunaldiak egin duen junta” aipatuz eta Azkueren “lan ikaragarria” nabarmenduz hartu du hitza Oihartzabalek. Izan ere, bere buruaz baino gehiago hitz egin du besteenaz, Celine Mounole idazlearekin batera izan duen Zubiburu solasaldian. Protagonistaren umiltasuna nabarmenduta, pozik agertu da Mounole, omenaldia euskal gizarteak egin diolako, Oihartzabalen profila ez baita bere urrezko dorrean isolatuta bizi den hizkuntzalariarena, “baizik eta beti euskararen herriaren zerbitzura” egon den hurbileko pertsona.

"Gaur egun oraindik ere, estatuko agintariek baztertzen dituztelarik euskarazko kazetariak, gauzak ez dira asko hobetu!"

Chomsky eta Etxeberriren bertsoak apezpikuari

Galdera jaurti dio idazleak: hizkuntzalaritza ikastera zerk bultzatu zuen? “Euskarak eta euskararen ikertzeko eta erakusteko gogoak”. Zeregin horretarako hizkuntzalaritzan oinarri sendoak behar zituela-eta, hala barneratu zen mundu horretan. Orduantxe hizkuntzalaritzan orokortzen ari zen joera berri bat aipatu du, Noam Chomskyk gidatzen zuena: hizkuntza gizartean dela eta jasotzen dugun zerbait baino ez dela pentsatzetik, hizkuntzak ikasteko norberaren baitan dagoen gaitasunean jarri zuen fokua Chomskyk. “Nigan asko eragin zuen ideia horrek, euskara oinarri zientifiko horien arabera ikertu behar zela ikusi nuen”.

Egin dituen ikerketen artean zein aukeratuko lukeen galdetuta, testu zaharrak ezagutu eta ezagutaraztea inportantea iruditzen zaiola eta gainera “biziki gustuko” duela azaldu du. Batzuetan apur bat gutxiesten ez ote den ikerketa ildo hori, eta ez da gutxiestekoa, adierazi du. Ziburuko Azokan izanik, Ziburuko idazle bat hartu du adibide: Joannes “Etxeberri idazle handia”, zeinak otoitz liburu bat idatzi zuen euskaraz eta bertsotan. Liburuaren hasieran, eskertze bertsoak idatzi zizkion apezpiku frantsesari, euskararen garrantziari buruz, “eta gehitu zuen: ‘orain egiten dizkizudan solasak ez dituzu ulertzen; aunitz hizkuntza dakizkizu baina euskara ez, baina ohoretzat izan behar duzu ulertzen ez duzun hizkuntza honetan ni zuri mintzatzea”, Etxeberriren mezua baitzen erregeak ere errespetatu behar dituela hizkuntza bat zein bestea. “Aldiz, gaur egun oraindik ere, estatuko agintariek baztertzen dituztelarik euskarazko kazetariak, gauzak ez dira asko hobetu!”.

Euskararen ikerketak izan duen eboluzioaz galdetuta, azken berrogeita hamar urteotan bi aldaketa nagusi nabarmendu ditu. Batetik, euskalaritza erakundetu dela, unibertsitatearen bultzada nabarmena tarteko. Eta bestetik, euskalariak orain berezitu edo espezializatu egin direla, eta aurreko belaunaldiek arlo askori heltzen zietela. Berriro ere, Azkue hartu du eredu, gramatika, etnografia, kantu-biltzea, eleberriak, opera… landu baitzituen. Luis Mitxelena ere izan du aipagai.

Lafitte eta Xarriton, diglosiaren biktima

Ikerketak hizkuntzaren biziberritze prozesuan izan duen rolaz itaundu du Mounolek. “Nahitaez, hizkuntza baten gizartearen hartzeko manera lotua da hizkuntza hortaz dakigunari eta hartaz ditugun sinesteei”, argitu du omenduak. Gurean bereziki garrantzitsua dela gehitu du, egoera diglosikoan bizi garen heinean. “Diglosia hitz arraro bat da, esateko herri eleaniztun batean goi-mailan erabiltzen diren hizkuntzak daudela (zientzietan, testu idatzietan, eskolan…) eta behe-mailan erabiltzen direnak (etxean, karrikan…), eta gure herri menperatuan, maila apaleko gauzetarako hizkuntza menperatua erabili ohi da eta goi-mailako erabileran hizkuntza menperatzailea”. Hori guztia konprenitzen laguntzen du ikerketak, dio.

"Gure herri menperatuan, maila apaleko gauzetarako hizkuntza menperatua erabili ohi da eta goi-mailako erabileran hizkuntza menperatzailea"

Anekdota esanguratsua kontatu du. Lafitte eta Xarriton “biziki euskaltzaleak” autoan eramaten zituelarik, haiek frantsesez mintzatzen ziren zenbait gairen inguruan. “Gizarte diglosiko horretan osoki bizi ziren, eta oharkabean ere, barneratuta zuten hainbat gauzez mintzatzeko frantsesaren beharra. Zenbaiti onartezina iruditzen zitzaigun”.

Galdera potoloarekin amaitu du solasaldia Celine Mounolek: euskararen etorkizunari buruz baikorra al da Oihartzabal? Isilune txiki baten ostean etorri da arrapostua: “Bai”. Bere belaunaldian, anitz euskaldunek ikusi zuten mugitzen ez baziren eta zerbait egiten ez bazuten, euskara desagertu egingo zela gure gizartetik, “eta neurri batean, urratsa eman genuen”. “Hemendik aitzina, belaunaldi bakoitzak beharko du hautu hori egin, eta pentsatzen dut urrats hori bera emango dutela; posible dela, eta posible bada, gertatuko da”.

Txalo zaparrada berri batek biribildu du ekitaldia.

 Dani Blanco | ARGIA CC BY SA
Beñat Oihartzabal Bidegorri omenduak serigrafia jaso du oroigarri, Xabier Letona ARGIAko kazetariaren eskutik. Dani Blanco | ARGIA CC BY SA
Celine Mounole idazlearekin batera aritu da solasean Oihartzabal. Dani Blanco | ARGIA CC BY SA
 Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...