Palestinarren haserrea piztu du Israelgo Gobernuko eskuin muturreko ministro Itamar Ben Gvirrek Meskiten Zelaigunera egindako bisitak. Palestinako Aginte Nazionalak eta Hamasek erasoa gaitzetsi dute, eta defendatzeko deia zabaldu du azken horrek: nazioartean ere erasoa gaitzetsi dute. Probokazioak palestinarren altxamendua ekar lezake, aurrekariak ikusita. NBEk bilera deitu du gaia jorratzeko.
Jerusalemeko oreka ahula berriz da albiste nazioartean, Itamar Ben Gvir Israelgo Gobernuko Nazio Segurtasuneko eskuin muturreko ministroak Meskiten Zelaigunea bisitatu ostean. Bisitak, Israelgo Poliziaren onespenarekin, haserrea piztu du eta erreakzioak heldu dira leku guztietatik. Palestinako Aginte Nazionalak bisita “mehatxu larritzat” jo du, “gerra erlijiosotzat”; Hamasek defendatzeko deia zabaldu du, eta nazioartean ere sortu ditu erreakzioak: Jordaniak eta Egiptok “erasoa” gaitzetsi dute, eta Saudi Arabiak eta AEBek ere egin dute bisitaren aurka, “onartezina” dela esan du azken horrek.
Urtarrilaren 3an izan zen bisita, hamabost minutuz baino ez zen izan Ben Gvir zelaigunean, baina bere bisitak hautsak harrotu ditu nonahi. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, bisita guztiz sinbolikoa den arren, hiri santuko statu quoa zalantzan jartzeko modukoa da guztiz. Kontuan hartu behar da, alde batetik, zelaigunea leku sakratua dela islamean, hirugarren sakratuena, eta, 1967ko gerraz geroztik, Jordaniak daukala bertako kontrola, erlijio aldetik, bederen.
Bertan praktikatu daitekeen erlijio bakarra islama da; eta, hain zuzen ere, horren aurka egin nahi du Ben Gvirrek, behin baino gehiagotan azpimarratu baitu eremuan judutarren presentzia areagotu nahi duela. Bisitan bertan ere azaldu zuen zelaigunea “mundu osoari” dagoela zabalik, eta horren alde egingo dutela lan, garaiak “aldatu” direla argudiatuta.
Probokazio argia da Ben Gvirrena, eta palestinarren altxamendu berri bat ekarri dezake. Historiak erakutsi du hori, Bigarren Intifada piztu zuen ekintzetako bat izan baitzen 2000. urtean Ariel Sharon politikari israeldarrak eremu berberera egindako bisita. Irakurketa horixe bera egin du Palestinako Aginte Nazionalak ere, “nazioarteko bake eta segurtasunaren aurkako” mehatxua dela ondorioztatuta. Horrela, nazioarteko erreakzioak heltzen joan ahala, txalotu egin ditu. Hain zuzen ere, bisitak nazioarteko esfera guztietara egin du salto, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bilera deitu du gaia jorratzeko; ostegunean, urtarrilaren 5ean, biltzea espero da.
Ben Gvirren bisitak, bere horretan, sortu du ika-mika, ekintzaren beraren berezitasunengatik. Sinbolismo handia du politikari israeldar bat Meskiten Zelaigunea bezalako leku sakratu batera bertaratzeak. Baina are karga politiko handiagoa du Ben Gvir bezalako politikaria bada, alegia; politikari hori bertaratzeak areagotzen du “erasoaren” larritasuna.
Izan ere, Benjamin Netanyahuren gobernu berriko kidea da politikaria, Sionismo Erlijiosoa koaliziokoa, Botere Judutarra alderdi politikokoa. Eskuin muturreko jarrera du bere alderdiak, eta polemika askotan izan da protagonista Ben Gvir bera: abokatua ofizioz, terrorismoa eta gorroto delituengatik epaitutako eskuin muturreko militante judutarrak defendatu izan ditu. Baina horiek defendatu soilik ez, bera ere izan da mota horietako ekintzen parte: sarritan izan baita Jerusalemeko auzo musulmanean izan diren manifestazio ultretako buru. Are, behin baino gehiagotan eskatu du Israeletik bota ditzaten “israeldar leialak” ez diren arabiarrak.