Beldur Barik bideo lehiaketaren hamazazpigarren edizioa abian da

  • Gazteek indarkeria matxistaren aurrean jarrera kritikoa erakustea helburu duen lehiaketa aurkeztu dute Bilboko Urretxindorra Ikastolan. Aurtengo berezitasun nagusia da 10 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dutela.


2026ko urriaren 15 - 12:46
Azken eguneraketa: 15:18
Bilboko Urretxindorra Ikastolan egindako 'Beldur Barik' bideo lehiaketaren aurkezpena
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Antolatzaileek azaldu dutenez, ikus-entzunezko lehiaketaren helburu nagusia hurrengoa litzateke: “Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea eta indarkeria hori erreproduzitzen duten jarrera, mezu eta kultura-adierazpenen aurrean jarrera kritikoa eta irmoa sustatzea, gizarte sexista bat gizarte berdinzale bihurtzeko”. Emakundek sustatzen du ekimena, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak positibotzat jo du ekimena, "gazteekin lan egitea lehentasuna delako euskal erakundeentzat, batez ere egungo testuinguruan, non gazteek, batez ere ingurune digitaletik, berdintasunaren aurkako eta indarkeria matxista hutsaltzen duten hainbeste mezu jasotzen dituzten".

Miren Lantz eta Oihana Llorente, lehiaketaren antolatzaileak eta Parean Berdintasun elkarteko kideak, Naiz irratian eginiko elkarrizketan azaldu dute urteetan zehar egindako foroetan gazteek indarkeria matxista “oso modu literalean” identifikatzen dutela. Haien esanetan, “icebergaren puntan dauden indarkeria motak” baino ez dituzte ikusten. Beldur Barik ekimenaren bidez, gazteek egunerokotasunean normalizatuta dituzten indarkeria matxistak identifikatzea eta, batez ere, nola aurre egin hausnartzea bilatzen dute antolatzaileek, hori baita gainditzeko dagoen irakasgaia. Horretarako, Beldur Barik Jarrera landuko dute, lehiakideek ikus-entzunezkoen bitartez erakutsi beharko dutena.

Antolatzaileek argi utzi dute bideoak egitea ez dela proiektuaren helburu nagusia. Bideoak “aitzakia” dira, baina benetako funtsa “bideo horren bueltan eskoletan eta gazte kuadriletan sortzen diren eztabaidak eta sentsibilizazioa” dira. Izan ere, helburua ez da ikus-entzunezko lan bat sortzea, baizik eta prozesuan zehar “ikastea eta kontzientzia hartzea”.

Aurtengo edizioan, parte hartzeko gutxieneko adina 10 urtera jaistea erabaki dute. Antolatzaileen hitzetan, askotan adin horietan “eragitea” zaila delako eta "haurtzarotik indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko beharragatik, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak sustatuz eta nesken ahalduntzean zein mutilek berdintasunarekin duten inplikazioan eraginez", gaineratu du Emakundeko zuzendariak.

Parte hartzeko epea irailaren 22an hasi eta abenduaren 1ean amaituko da. Izen-ematea lehiaketaren webgunearen bidez egin beharko da.


Indarkeria matxista kanalean gehiago
2026ko irailaren 2
Adriana Muñoz, Guatemalako Otrans erakundeko kidea
"Demokraziak emakume transak ahazten jarraitzen du"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.