Urte mugituak. Parisen ikasleak adokinak eskutan, Vietnamen yankiei egurra, Che Boliviako mendietan eraila, Black Panthers Party kaleetan, Belfasteko Troubles V. Asanblada, Aljeriako independentzia, Kennedy eta Luther King tiroz. Txabi Tolosan 1968ko ekainaren 7an.
Gaur 82 izango lituzke Etxebarrietak. Adin berekoa da Angela Davis, 1944ean jaioa ere. Gerry Adams irlandarra lau urte gazteagoa da. Lucía eta Pepe uruguaitarrak, Txabi baino urte batzuk lehenago jaiotakoak. Bigarren Mundu Gerra garaian jaiotako haurrak, injustizien aurka oso gaztetatik borrokan. Gaur ditugun eskubide asko belaunaldi hartako neska-mutilei zor dizkiegu.
Gurean diktadura betean, Burgosen epaitu zituzten frankismoaren basakeria salatu zuten gazte haiek, adibidez. Oraindik gurekin ditugunak, Itziar Aizpurua, Unai Dorronsoro, Kepa Enbeita, eta joan zaizkigunak, Arantza Arruti, Bittor Arana, Jon Etxabe –Txabiren idazmakinaren zaintzailea– eta abar luzea. Ausardia oparitu ziguten: iluntasunean argia pizteko konpromisoa, ezinezkoa zirudienean borrokan jarraitzekoa.
Gaur egun 80-85 urte inguruan dituzten gazte borrokalari haien artean daude joan zaizkigun Pako Letamendia, Ramón Zallo, eta oraindik lan eta lan dabiltzan Tasio Erkizia, Jokin Apalategi, Miguel Castells, Periko Ibarra, Xabier Amuriza... koherentzia bizia, herriarekiko maitasuna begietan daramatenak oraindik.
60 eta 70eko hamarkadetan, belaunaldi hark herria putzutik atera zuen. Gaur, inoiz baino independentista gehiago dagoen Euskal Herrian, borroka feminista, pentsio eta lanpostuen aldeko mugimendua, euskalgintza, antimilitarismoa... haien haziak loratuz doaz
Izen eta abizen asko, gizonen mundu hartan, izengabeko eta aitortza gabeko emakumeak, ikastoletan, fabriketan, erresistentzia kutxetan, grebetan, presoen sustenguan, bizi osoa borrokan daramatenak. Bakoitzak bere modura, herri honen memoria, hizkuntzaren bizitasuna, zapalkuntzaren aurrean zutik jarraitzeko kemena eman zigun belaunaldikoak.
60 eta 70eko hamarkadetan, belaunaldi hark herria putzutik atera zuen. Gaur, inoiz baino independentista gehiago dagoen Euskal Herrian, borroka antinuklearra, borroka feminista, pentsio eta lanpostuen aldeko mugimendua, euskalgintza, antimilitarismoa, memoriaren borroka, harrera herriaren defentsa... haien haziak loratuz doaz. Borrokan ari dira egun ere.
Ekainaren 7a izan dadila belaunaldi hura gogoratzeko eguna. Eskerrik asko, beraz, irakaspenak bizirik dauzkaten guztiei. Eskerrik asko, gure artean egon edo ez bizirik zaudeten guztioi. Zuek gabe, beste bat izango litzateke gaurko Euskal Herria. Zuek gabe, ez genuke hain argi ikusiko irabazteko dugun bidea.
Etxebarrieta Memoria Elkartea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.