Belateko tuneleko lanen kontratua bertan behera utzi eta berriro lizitatuko du Nafarroako Gobernuak

  • Nafarroako presidente Maria Chivitek jakinarazi du Belateko tunelen bikoizketa-obrak amaitzeko falta den zatia berriro lizitatuko dutela, ez dutelako modurik aurkitu 8,3 milioi euroko gainkostuaren afera bideratzeko.

Belateko tunelak, artxiboko irudian. Nafarroako Gobernua

2026ko irailaren 17an - 09:40
Azken eguneraketa: 15:06
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Iragan astean genioen Nafarroako Gobernuak uko egin ziola Belateko tunelen bikoizketa-obren gainkostua –8,3 milioi eurokoa, jada burutuak diren lanei dagozkienak– ordaintzeari, haren aholkularitza juridikoak hala gomendatuta. Acciona eta Oses enpresek osatutako ABEE aldi baterako enpresa-elkarteari "nahikoa berme juridiko" dagoenean ordainduko zitzaiola adierazi zuen.

Hori horrela, Nafarroako presidente Maria Chiviteri azalpenak emateko eskatu zioten gainerako alderdiek. Asteazkenean hitz egin du Foru Araubideko Batzordean, Javier Remírez presidenteorde lehenarekin eta Oscar Chivite Lurralde Kohesioko kontseilariarekin batera. Eta adierazi du Belateko tunelak egiteko geratzen diren herri lanak berriro lizitatuko dituztela, ez baitute biderik aurkitu 8,3 milioi euroko gainkostuari aurre egiteko.

"Ez zen hau hasierako plana, baina argi dago plan bideragarri bakarra dela", esan du Chivitek: "Arazo bat daukagu, egoera oso konplexua da, eta gobernu honek konponbidea jarri du. Gaur garai berri bat hasiko da. Belate berme tekniko, juridiko eta ekonomiko guztiekin egingo da. Ez dugu ordainduko justifikatua eta argudiatua ez dagoen euro bakar bat ere".

Presidenteak azaldu du Acciona-Oses ABEEarekin duten kontratua eteteko formulak aztertzen ari direla, eta behin hori egindakoan, lehiaketa abian jarriko dutela. Remírez presidenteordearen hitzetan, "proposamen tekniko eta juridiko baten emaitza da konponbidea, eta alde politikoari bakarrik dagokio hura babestea".

Alderdien erreakzioak

"Espero dut hemendik aurrera orain arteko kudeaketan baino egokiago jokatzea", adierazi du Geroa Baiko ordezkari Pablo Azkonak. "Konbentzituta gaude gobernuak interesa zuela enpresei fabore egiteko", esan du Javier Esparzak (UPN), eta galdetu dio ea lizitazio berria egiteak zein kostu izango duen. Chivitek erantzun dio datuak eguneratu beharko dituztela, baina espero duela lehen lizitazioa egin zeneko aurrekontua (95 milioi eurokoa) ez gainditzea. Bestalde, Miguel Garridok (Zurekin Nafarroa) galdetu du ea lanak zenbat luzatuko diren. 2030erako bukatzea aurreikusten dutela erantzun dio presidenteak. EH Bilduren izenean Adolfo Araiz mintzatu da. Gobernuari eskatu dio, besteak beste, lanen ordainketa osoa erreklamatzeko Acciona eta Osesek abiatu dezaketen prozesu judizialen aurrean, hartutako erabakia defendatzeko.

Acciona eta Oses enpresek osatutako ABEEak Belateko obren %52,16 burutu du eta Gobernuak 38 milioi euro ordaindu dizkio, Oscar Chivitek azaldu duenez.


Nafarroako Gobernua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.