Belar infusio eta hidrolatoak eredu agroekologikoan

  • Bidarrain (Nafarroa Beherea) kokatzen da Cecile Vivanten Kamamila proiektua. 2018an abiatu zuen egitasmoa, kazetaritzaren mundutik laborantzara salto ematea erabaki zuenean. “Senarrak eta biok bizikleta bidaia bat egin genuen eta Euskal Herriko hainbat etxaldetan aritu ginen lanean laborariekin”, gogoratu du hastapena. Quebec-eko lagun bat belar-biltzaile gisa ari zen lanean lehenagotik, sendabelarrekin infusioak eta antzeko produktuak ekoizten zituen, eta berari esker hasi zen Vivant mundu horretan murgiltzen. Hiru urtez sendabelarren inguruko ikasketak egin zituen Montpellierren (Okzitania, Frantzia), eta senarrak, berriz, nekazaritza ikasketak. “Ikasten ari ginen garai horretan probak egiten hastea erabaki genuen, eta infusioek arrakasta zutela ikusita, ekoizpenean bete-betean sartzea erabaki genuen”, dio. Bidarraiko Migeleneako eta Jauregiako lurretan ari dira lanean.


2026ko apirilaren 26an - 22:44
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kamamila proiektuan haiek bildu eta ekoitzitako sendabelarrekin eta landareekin egiten dituzte infusio eta hidrolatoak, kanpotik deus ez dute erosten. “50 landare barietate ekoizten ditugu gure lursailetan eta mendian sei landare basati espezie biltzen ditugu”, azaldu du ekoizleak. Berbena, menda, ezkia, garraiska, osina, ezkaia… nahasketa askotako infusioak egiten dituzte Kamamilan, baita sukalderako aromatikoak, pestoa eta hidrolato desberdinak ere. “Ikuspegi agroekologikoarekin egiten dugu lan, arbolak integratu ditugu lursailetan eta lanaren zati handiena eskuz egiten dugu”, dio. Izan ere, babestutako gune naturalean daude eta ezin dute makina pisutsurik sartu. Traktorerik ez dute, motokultore txiki bat besterik ez.

Lursail koxkorra dute ekoizleek Migelenean, hogei bat hektareakoa, baina hektarea eta erdi besterik ez dituzte lantzen. “Ez dugu inolako kimikorik erabiltzen baratzean, landareentzako tratamendu naturalak egiten ditugu. Alegia, sendabelarrak darabiltzagu sendabelarrak tratatzeko”, dio barrez. Jauregiako lursailean etxola dute landare lehorgailuarekin, eta bertan egiten dituzte eraldaketak eta nahasketak.

Zuzeneko salmenta eta laborarien saretzea

Idoki labelaren barruan dago Kamamila proiektua, eta zuzeneko salmenta egiten dute hurbileko denda txiki eta ekologikoetan. “Merkatuetan ere ibiltzen naiz, batez ere eguberrietan, infusioak opari oso aproposa izaten baitira negu parte horretan”, azaldu du. Ahal duen neurrian, nekazari mugimenduetan parte hartzen eta saretuta egoten ere saiatzen da Vivant. Hala nola, ELB sindikatuko kide da eta BLE elkartean ere parte hartzen du. “Ortzaizen laborariek martxan jarri duten Kaiku Borda dendan ere banabil”, gehitu du. 


Baratzetik mundura kanalean gehiago
2026ko otsailaren 16
Istrupiza baserria
Baratzezain izatetik erlezain izatera

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.