Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Ehunka pertsonak protesta egin zuten ekainaren 9an Bartzelonan, Leon XIV. aita santua hirira heldu bezperan, Espainiako Estatuan egiten ari den biraren testuinguruan. Ni miracles ni caritat. Drets laborals i serveis publics de qualitat izan zen aldarrietako bat (“Mirakulurik eta karitaterik ez. Lan eskubideak eta kalitatezko zerbitzu publikoak”). Asko izan ziren aldarrikapenak, eta askotarikoak mobilizazioak; baita grebak ere, Bartzelonako Udaleko hainbat departamentutan adibidez.
Gure dirua zentzuzko gauzetan inbertitzearen aldeko mezuak nagusitu ziren, xahuketa handia egin baita aita santuaren bira pagatzeko. Hauek dira bonbardaketa honetan isil samar igaro diren hiru iturri bedeinkatu:
Baga. Eraikinen eta lurren inmatrikulazioa. Espainiako Estatuan 100.000 ondasun baino gehiago ditu Elizak, eta horietatik 35.000 azken mende laurdenean erregistratu ditu bere izenean, Espainiako Gobernuak legez erraztuta. Hainbeste erraztuta, non Kordobako meskita [Andaluzia], adibidez, 30 euroko tramite-gastua ordainduta soilik hartu zuen berarentzat, sekula ondasun-publiko izenda ez dadin; urtero, eraikin horrek, 24 milioi euroko diru-sarrerak ematen dizkio turistengatik. Eta horrez aparte, fiskalitate kontuetan, salbuespen handiak ditu Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, adibidez. Milioi eurotik gora aurrezten ditu zergatan, gutxienez.
Biga. PFEZa. Errenta aitorpena. Norberaren zergen %0,7a nora bideratu galdegiten dute ogasunek, eta hiru aukera daude: edo gizarte eragiletara, edo Elizara, edo bietara. Urtez urte nabarmen ari da jaisten Elizaren kutxatila ixaz markatzen dutenen kopurua, baina oraindik ere Espainiako Estatuan %30ak erabakitzen du bere zergen zati bat Elizari bideratzea. Araban %29k, Nafarroan %28k, Bizkaian %20k eta Gipuzkoan %18k. Kataluniak du baxuena, %15.
Kontua da, eta beharbada interesekoena ere hau da, urtez urte emaileak jaitsi arren, jasotako diru kopuruak gora egiten duela. Arrazoi sinple batengatik: diru gehienen dutenen artean jende gehiagok ematen dio Elizari. Urtean 150.000 euro baino gehiagoko diru sarrerak dituztenen artean, erdiak izenpetzen du Eliza. Errenta baxuetan, aldiz, lautik batek. Eta gauza bera adinarekin: 70 urtetik gorakoen artean, bitik batek egiten du hautu hori. Eta 40 urtetik beherakoen artean, bostetik batek.
Higa. Turismo katolikoa. Munduan 300 milioi pertsonak baino gehiagok egiten du turismo erlijiosoa deitzen zaiona. Estimazioa da aurten, munduan, 180.000 milioi euro mugituko direla turismo eredu horren osotasunean, garraioan, ostatuan eta denean. Gora eta gora doan zifra da. Urte bakarrean %10 igo da, eta aurreko urtean beste %10 igo zen.
Zergak pagatzetik salbuesten ditugu, eta gure zergen zati bat pagatzen diegu.