Bejondeigula! izeneko antzezlana gaur (22:30) estreinatuko dute Tanttaka konpainiako Ramon Agirre eta Niko Lizeaga aktoreek Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Carles Alberola antzerkigile valentziarrak katalanez idatzitako obraren moldaketa bat da eta antzerkian aritzen diren bi aktore beteranori buruzko komedia lana da.
Gaurko eta biharko saioak 22:30ean izango dira eta abuztuaren 17rarte egunero –14an izan ezik–, Victoria Eugeniako Club aretoan izango dira emanaldiak, 24:00etan.
Antzezlanak bi zati ditu eta Niko Lizeagak honela azaldu du atal bakoitza: “lehenengoa zati unibertsalagoa da, eta kasik bere horretan itzuli dugu. Aldiz, bigarrena, berez Valentziako (Herrialde Katalanak) komunitateko berezitasunen gainean eraikitakoa da, eta moldaketarik handienak hor egin behar izan ditugu”. Guggenheim, Maialen Lujanbio eta sukaldaritza bezalako gaiak gehitu dizkiote bigarren zatiari.