Beirut bonbardatu eta Libano hegoaldea husteko agindu du Israelek

  • Ekialde Hurbileko gatazkan, kaosa eta izua Libanora zabaldu dira, Israelek zibilen aurka eraso egin baitu. Netanyahuren gobernuak Libano hegoaldea husteko agindu, eta Beirut hiriburuko hotel bat bonbardatu du. Libanoko Gobernuaren arabera, operazioak gutxienez 58.000 desplazatu, 40 hildako eta 246 zauritu eragin ditu.


2026ko martxoaren 4an - 13:13
Azken eguneraketa: 14:18
EFE
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

AEBen eta Israelen erasotik bost egun igarota, bonbardaketek jarraitzen dute Iranen, eta gutxienez 1.145 pertsona hil dira, Al Jazeera-ren arabera. AEBen, Israelen eta horien aliatuen aurkako borrokan, Libanoko Hezbollah milizia xiita Irani batu zaio. Ali Khamenei Irango buruzagi gorenaren heriotzaren ordainetan, Hezbollah-k misilak jaurti zizkion Israeli igandetik astelehenerako gauean. Gatazka intentsifikatu da, eta aire erasoak egiten dabiltza batera eta bestera. Abagune hori baliatu du Israelek, bere iparraldeko mugaz haraindi, Libano hegoaldean tropak zabaltzeko. Hainbat iturriren arabera, Libanoko armadako kideek atzera egin dute, erresistentziarik jarri gabe.

“Defentsarako operazioa” dela argudiatuta, Israelgo armadak dagoeneko hamar kilometroko eremua hartu, eta Beirut hiriburua bonbardatu du. Netanyahuren gobernua Libanoko herritarrei zuzendu zaie, eta eskatu die hegoaldeko zibilei beren etxeak utzi eta Litani ibaiaren iparraldera joateko. Asteazkenean, Libano hegoaldeko 83 herri husteko agindua eman du Israelgo armadak, eta gobernuaren arabera, jada 58.000 barne desplazatu eragin ditu operazioak. 

 Nertanyahuk adierazi du Hezbollahk “akats larria” egin duela Israeli eraso eginda: “Indarrez erantzun diogu, eta are indar handiagoz erantzungo diegu. Bere ekintzen ondorio guztiak onartu beharko ditu”, gaineratu du. Libanoko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, azken orduetan gutxienez 40 pertsona hil dira Israelek egindako eraso horien ondorioz, eta 246 baino gehiago zauritu.

Erasoen aurrean, Hezbollah-k ez ditu eskuak batu, eta helburu militarrei eraso eginez erantzun du. La Vanguardia-ren arabera, Israelen tankeak eta Meron-go (Israel iparraldea) basea izan dituzte helburu. Mahmoud Comati Hezbollah-ren lehendakariorde politikoak adierazi du "gerra irekia" dela. 


Ekialde Hurbila kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Berriketa gutxi
Thank you

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.