Frantziako Estatuko Berdintasunerako Goi Kontseiluak urtero ateratzen du bere txostena. Jendartean badabilen sexismoa neurtzeko barometroa esku artean, orain artean nabarmendu gabeko osagai batean jarri du fokua: maskulinismoa gora doa, kontuz. Biktima paperetik dabiltza gizon maskulinistak; emakumeek askatasun eta eskubide gehiago lortu izanari lotzen dituzte beraien gaitz guziak. Nola ez, feministak dira gaitz horren errudun. Barometroan bi sexismo eredu dituzte aztertu, batetik “sexismo paternalista” deiturikoa –itxuraz emakumeekiko onginahian oinarritutakoa baina finean, genero hierarkizazioa eta beraz, emakumeen menpekotasuna helburu duena–, eta bestetik, “etsaitasunezko sexismoa” –bortizkeria asumituta daukana, emakumeak gutxiesteko eta beraien nagusitasuna mantentzeko–. Jarrera horietan dabiltzan guziak ez dira maskulinistak, baina maskulinista guziek dituzte pentsaera horiek. Beraz, kasu inguruan entzuten ditugun ohar ustez hutsal eta arinei. Zer dioen barometroak? Demagun, gizonen %40ak uste duela jendartean duten lekuari mehatxu egiten diola feminismoak eta %17ak duela emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen duen sexismoarekin bat egiten.
Berez ez da fenomeno berria. 1990eko hamarkadan backlash (kontraeraso) terminoarekin teorizatu zuen aurkako jarrera hori Susan Faludi kazetari amerikarrak. Baina, gaur egungo testuinguruak akuilatzen ditu kontraeraso horiek. Indarra hartuz doazen hiru osagaik parte hartzen dute maskulinismoaren garapenean: sare sozialek –ze kasualitate, Musk eta Zuckerberg badirela maskulinismoaren defendatzaile–; jendarte antolaketa sexistaren defendatzaile suharra den eskuin muturraren garapenak; eta areagotuz doan eta sistemak ezinbestekoa daukan indibidualismoak –beti da sinpleagoa norbere buruari edota sistemari begiratu beharrean, errua ondokoari botatzea, batez ere emakumea, transa, prekarioa edota etorkina denean; baina berez, kontua ez da hain sinple–.
Maskulinismoa identifikatzeko eta horri erantzuteko baliabideetan “atzerapen kezkagarria” leporatu diote txostengileek administrazioari. Zifrek salatu digute fenomenoa gazteen artean areagotzen dela. Luzaturiko 25 gomendioen artean ondokoa: goazen estereotipoen kontra eta genero berdintasunaren alde doan hezkuntza diruz eta baliabidez armatzera. Feministek behin eta berriz ohartarazitakoa, hots. Ea aldi honetan behar bezainbeste kontuan hartzen duten aholkua.