Behin-behineko langile publikoak finko egiteko oposizioa gainditzea ezinbestekoa dela berretsi du Gorenak

  • Lanpostu berean urtetan aritu arren, oposiziorik gainditu ez badu langile publikoa automatikoki finko egiteko aukera legez kontrakoa dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Aldiz, plazarik lortu ez dutenak baina azterketa gaindituta urtetan lanpostu berean behin-behinean direnak finko egitea legezkoa dela dio.

irekia.eus

2026ko maiatzaren 13an - 07:13
Azken eguneraketa: 09:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Administrazioko langile interinoen auzia ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak eta bi egoera bereizi ditu. Batetik, hizpide izan ditu hautaketa prozesua gaindituta, zerrendan atzerago egoteagatik, plazarik lortu gabe urtetan behin-behineko kontratuak kateatu dituzten langileak. Gorenak dio legezkoa dela horiek finko egitea, administrazio publikoan sartzeko Espainiako Konstituzioak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten heinean. Bai EAEko, bai Nafarroako auzitegi nagusiek ebazpen hori emana dute aurrez, beste auzi batzuetan.

Bestetik, hautaketa prozesua gainditu ez dutenen kasuan, Gorenak aurrez beste epai batzuetan esandakoa berretsi du: ezin dute funtzionario edo langile finko izan. "Espainiako Konstituzioa eta Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutua urratuko lirateke, gainerako herritarrei enplegu publikora iristea eragotziko litzaiekeelako", dio.

Kontua da, oposiziorik gainditu ez arren urte luzetan lanpostu berean behin-behinean aritu direnek automatikoki finko egiteko eskatu zutela. Esan bezala, Gorenaren arabera legez kontrakoa da hori egitea, baina adierazi du administrazioek ez dutela ongi jokatu langile horiekin eta Espainiako legeak haientzat ezarrita dituen gehieneko kalte ordainak ez direla nahikoa. Gaur egun, administrazioan lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte ordaina jaso ohi du behin-behineko langile askok, eta gehienez hamabi hilabeteko soldata jaso dezake. Gorenak ebatzi du kalte ordain horrek handiagoa izan behar duela, Luxenburgoko auzitegiaren irizpideen araberakoa.

Gorenak dio administrazioak ez duela ongi jokatu oposiziorik gainditu ez arren urte luzetan lanpostu berean behin-behinean aritu direnekin eta kalte ordain handiagoak eskatu ditu haientzat

Epaile batek ondorioztatzen badu langile baten kasuan behin-behinekotasunaren abusua egon dela, Lan Ikuskaritzara bideratu behar du, eta hark erabaki behar du administrazioa zigortu behar ote den. Hala gehitu du Gorenak.

2026 hasieran, Hego Euskal Herrian 44.480 langile (%22,6) zeuden behin-behineko egoeran administrazio publikoan.


Administrazio publikoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.