Urruntze agindua urratzea eta emakumea legez kanpo atxikitzea leporatuta espetxeratu dute, behin-behinean.
Asteartean jakinarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar bidez espetxeratze agindua eman duela Iruñeko hilketa matxistagatik atxilotutako gizona. Hala erabaki du Emakumearen Aurkako Indarkeriaren arloko Iruñeko 2. epaitegiko titularrak.
Epailearen autoak Udaltzaingoak egindako ikerketaren hainbat ondorio aletzen ditu, Noticias de Navarrak jaso duenez. Autoaren arabera, etxebizitza berean bizi zen lekukoak emakumea entzun zuen 4:10 aldera atea ireki nahian, eta inputatuak irtetea eragotzi zion. Sukaldean kolpe bat entzun zuen, “gelako ateak mahaiaren kontra joko balu bezala”, eta inputatuak biktima bultzatu zuela interpretatu zuen, hau “arnasestuka” entzun zuenean. Oheratu ostean, kaletik emakume baten garrasia entzun izana iruditu zitzaion, eta inputatua “zergatik, jainkoa, zergatik” oihuka.
Udaltzaingoak jaso du emakumea 4:30ak aldera etxebizitzako leihotik irteten saiatu zela, izarak erabilita. Orduan amildu zen lurreraino, hirugarren solairu batetik. Autoaren arabera ikertuak eztabaidatu zutela onartu du, baina biktimaren jeloskortasunari egotzi dio tentsio egoera.