Begoña Pedrosari zero: ez zaio hezkuntza publikoa axola

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ikasturtea amaituta, berriro ere Hezkuntza Sailak sare pribatuaren alde egiten duela salatu beharrean gaude. Denona den eskola publikoaren mesedean lan egin beharrean, diru publikoa eta planifikazio osoa ekimen pribatuetara bideratzen du. Hona hemen adibide batzuk:

Ikasturte honetan “Eskola Bikaina Denontzat” izeneko mahaiak sare pribatura diru gehiago bideratzeko mekanismoak ezarri berri ditu datozen urteei begira (balizko doakotasuna, eskola motxila, planifikazioa…). Sailburua pozik agertu da eta lortutako adostasun maila goraipatu du, nahiz eta sare publikoko eragileek, edo ez duten parte hartu, edo bidean zehar mahaia utzi duten, edota mantendu diren ahots kritikoak erabat baztertuak izan diren.

2021etik hona %46 handitu da sare pribatuaren finantziazioa; egun 2 urtetik 18ra arteko eskolaratze osoa itunduta dagoelarik, legeak agintzen duenaren gainetik; 2026ko aurrekontuetan, irakaskuntza pribatuari inoiz izan duen finantzazio handiena eman diote, 920 milioi euro, aurreko ikasturtean baino %11 gehiago.

Gogora dezagun 2023ko abenduan aurrera atera zuen Hezkuntza Legeak eskola publikoa bigarren mailara alboratzen duela, bi sareen arteko oreka aitzakia jarrita. Lege hura, urtez urte sisteman pisua galtzen ari zen sare pribatuari bultzada emateko sortu zuten. Hura guztia publikoko eragileen iritzia kontuan hartu gabe egin zen.

Sare publikoko arduradun gorenak sare horren kontra legeak sustatu eta erabakiak hartu ditu, sare pribatuaren ordezkariekin eskuz esku, inolako erreparorik gabe

Selektibitatearen edo USaP probaren inguruan bizi izan dugun auzian, Hezkuntza sailburuak guztiz kolokan jarri du bere ardurapeko langileen profesionaltasuna, eta unibertsitate publikoaren defentsan atera beharrean, ikastetxe kontzertatuetako familia batzuen alde lerratu da, bide batez, euskararekiko erabateko begirune falta erakutsiz.

Laburtuz, sare publikoko arduradun gorenak sare horren kontra legeak sustatu eta erabakiak hartu ditu, sare pribatuaren ordezkariekin eskuz esku, inolako erreparorik gabe. Gure ustez ez da utzikeria, jokabide kontzientea baizik.

Kurtsoaren bilakaera ikusita, USaPeko zeroak ez dira bakarrak izango. Eskola publikoaren kudeaketa baloratu beharko bagenu, Begoña Pedrosak ere zeroa jasoko luke, ez duelako eskola publikoa bere lehentasunen artean jarri, ezta bere hezkuntza-politikaren erdigunean ere.

Espero dugu datorren ikasturtean norabidea zuzendu, publikoaren alde lan gehiago egin eta benetan eskola publikoa bere lehentasuna izaten hastea. Irailetik aurrera ebaluazio jarraitua egingo diogu Begoña Pedrosari, erabakiak gertutik aztertuta. Eskola publikoak axola duelako.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...