Begien egarri direnei begi egiteko

  • Sekreturik ez esan baratzean. Bai bai, adi baratzean. Zer agi ere ataizean ibili, begi-belarri. Ezkutatzekorik baduzu ez azaldu baratzean. Patatak (Solanum tuberosum) begiak ditu, artoak (Zea mays) belarriak, arrosondoak (Rosa spp.) antena zorrotzak, asunak (Urtica dioica) ederki heldu eta ukimena zer den erakutsiko dizu, laharrak (Rubus spp.) oratu eta zauria ebakiko dizu eta odola geratu asmoz miazten duzunean zeure dasta hartuko duzu eta usain-belarrak diozunari usaina hartuko dio (edo kiratsa).


2024ko irailaren 30ean - 06:00
Argazkia: Kostka Martin CC0-1.0

Zentzumen guztiak azal-azalean dabiltza baratzean. Gureak bai, jakina, baina baita landareenak ere. Entzun, ikusi, ukitu, usaindu eta dastatzeko ohiko zentzunaz gain gehiago izan ditzakegun susmoa ez da bart arratsekoa, hotza edo beroa sentitzekoarena, adibidez. Zentzumen horiek azalean ditugunez, kanpokoa aditzeko bidea dira. Ba omen ditugu, ordea, baita gure barruko sakonaren berri ematen digutenak ere. Horretan ari direnek zentzumen oraindik ezkutu horiek pertsonetan garatuagoak direla diote. Orain artekoekin bezala gertatuko da, gure alaben alabek argituko dituzte gu orain igartzeko ere gai ez garenak eta zentzumenak zentzunak eta baita sentimenduak ere badituztela frogatu. Orain badakizkigu lehen usaindu ere egiten ez genituenak, landareek ere usaindu, komunikatu (nolabait hitz egin eta entzun), ukitu, dastatu eta ikusi egiten dutela. Iraun eta bizitzeko begi-belarri jarrita daude, etengabe. Esaerak dio: “Oro-begi mutila; katua ataizean”. Hau ere eguneratu eta esantzaun: “Oro-begi umea; lizarra ataizean”.

Zentzumenen katalogoaren loditzea eta berritzea ikuskizun dago. Ikuskizun denaren ikuskizuna ikusteko begia behar; eta begi kamuts izan gabe begi egin.

Begi-belarra Euphrasia rostkoviana dela dio Martxel Aizpurua botanikaria buru zuen talde zabal batek eginda UZEIk 1984an argitaratu zuen Biologia/1 Landare eta animalien izenak, izendegia-k. Begietarako ura edo kolirioa egiteko erabiltzen da, begiak zorroztu eta bista argitzeko. Pio Font i Quer izen handiko botanikariak bere Plantas medicinales, el Dioscorides renovado ospetsuan formula hau erakusten du begi handitu, makartsu, beteritsu edo bekartsuentzako: artoski garbitutako ontzi batean litro erdi ur hamar minutuz irakin, ontza erdi (14,175 gramo) begi-belar lehor erantsi, estali eta hozten utzi; egin berritan erabiltzea gomendatzen du.

“Sendikusa” esaten dio begi-belarrari Joan Ignazio Iztueta Etxeberriak 1829ko Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia liburuan; berdina jaso zuen Jose Maria Lakoizketa Santestebanek bere 1888ko Diccionario de los nombres euskaros de las plantas en correspondencia con los vulgares castellanos y franceses y cientificos latinos; “sendatu” eta “ikusketa” hitzetatik datorrela dio, ikusmena sendatzen duela alegia. Resurrección María Azkuek 1905eko Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegian, Londresen jasotako Luis Luziano Bonaparteren eskuizkribu multzoa aipatuz “sendoikuz” izena jaso zuen. Nondik ote dator “sendoikuz”? Sendikusatik? Sendo ikusitik? Sendo ikuzitik?

Beste esaera: “Ikuskizun, kontakizun”. Ikustekoa kontatu eta entzun eta aditzeko belarri-belarra. Baina hori beste begiatzeko belarria da, hurrengorako… Bitartean begi-loreekin gozatu. Andoni Urestarazu Umandik 2000ko Asmo-Iztegia-n dio begi-loreak begi gozoak direla. Mariano Izetak, aldiz, 1997ko Baztango Hiztegia-n dio begi-lorea triste dagoena dela. Lehen aipatutako Londresko eskuizkribuetan, “begi-lore” margaritaren tankerako lorea zabaltzen duen Aster generoko landareari esaten zaio. Zeuk ikusi…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-10-14 | Garazi Zabaleta
Larretik
Pirinioetako abeltzainek hiltegi proiektua jarri dute abian, zirkuitua bertan ixteko

Lehen sektorea bultzatzeko eta indartzeko lanean dihardute Nafarroako Pirinioetan azken urteotan, eta lanketa horren baitan sortu zuten Pirinioetako Mahaia. Diagnostikoa ondu dute azken urteotan, eskualdean lehen sektoreari lotuta dituzten hutsuneak identifikatzeko, eta ondorio... [+]


2024-10-14 | Jakoba Errekondo
Zainzurien skotomorfogenesia eta fotomorfogenesia

Datorren negua gozatuko digute zainzuri kimuek (Asparagus officinalis). Baratzeko nire kuttuna da, baita nire baratzekoa ere.


2024-10-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Eskinko hiruhatza
Lau hanka txiki gorputz bat azkarra egiteko

Bi argazki aterako dizkiogu gure memoriari: batak Nafarroako Bardeetara eramango gaitu. Bertan, hautsez beteriko pista baten aldamenean, belar luzez osaturiko zelaitxo bat aurkituko dugu. Argazkiak erakutsiko du herpetologo gazte bat bertan barneratzen: begiak erne, zer ikusiko... [+]


2024-10-08 | ARGIA
‘Nafarroako Intxaurra’ kalitate-marka sortu dute

'Nafarroako Intxaurra' marka kolektibo berriak Lizarraldeako, Erdialdeko eta Goi Erriberako zortzi ekoizle biltzen ditu. Kanpaina honetan 200 bat tona intxaur merkaturatuko dituzte, Nafarroan ekoizten den intxaur kopuruaren %46 inguru.


Udazkeneko garbiketa

Bada urtebete udazkeneko bederatziurrenak nola egin artikulua idatzi nuela eta berriz ere urtaroak eskatzen digun lanaz idatzi beharra daukat. Izan ere, gibel garbiketa egiteko sasoia dugula esanez publikazio dezente ari naiz ikusten sare sozialetan eta kezka eragin dit. Orain... [+]


2024-10-07 | Jakoba Errekondo
Lezkarekin sagardo hobea

Barrikoteak, barrikak, bukoiak eta upelak bete berriak ditugu etxean sagar muztioz (Malus domestica). Makina bat beteko ziren, ipar eta hego, gure geografia guztian mahatsarenarekin ere (Vitis vinifera). Sagasti, mahastiko lanak eta dolare, soto, upelategi eta pitarretako lanak... [+]


2024-10-07 | Garazi Zabaleta
Sareko
Bertako elikagai ekologikoak identifikatzeko bilatzailea

EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua dela ekoizpen ekologikoa, eta badagoela honi buruzko informazioa emateko... [+]


Xabiroia
Eztena, marmokena ez dena

Aurtengo udan ez dugu gure hondartzetan marmoka gehiegirik ikusi. Baina ehunka pertsona izan dira Kantauriko postuetan artatuak, Galiziatik Euskal Herrira. Marmokak? Ez. Karabela portugaldarrak orduan? Ezta ere. Oraingoan, arrain baten eztenak izan dira ur-ertzean hankutsik... [+]


2024-09-30 | Garazi Zabaleta
Elikaenea
Bergarako azoka plaza biziberritzeko proiektua

Urteak dira Bergaran kontsumoaz eta lehen sektoreaz lanketa zabala egiten hasi zirela. Ereindajan kooperatibaren eta Elikadura Mahaiaren sorrerak bultzada izan ziren lanketa orokor horretan. Azken urteotan, azoka plazaren inguruko hausnarketa prozesuan buru-belarri aritu dira... [+]


2024-09-30 | Irati Diez Virto
Oreina ala orkatza da?

Naturazaleren batek galdera hori irakurri eta pentsatuko zuen seguruenik: “Galdetzea ere! Ez dute zerikusirik!” Egia da, bai, behin ezagututa erraz desberdintzen direla oreina eta orkatza. Baina batzuentzat ez da erraza mendian halako animalia ikusi eta ziurtasunez... [+]


Urrian hobetu eta indartu zure immunitatea

"Kanpora begira" bizi izan garen udararen ondoren, udazkenak geure buruarekin berriro konektatzera, errutinara itzultzera eta bertan nola sentitzen garen entzutera gonbidatzen gaitu. Eta udazkenean zer behar dugu osasuntsu eta energiaz beteta sentitzeko? Garaiko jakiek... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Birika permakultura
“Lurra lantzen hasi aurreko diseinua gakoa da permakulturan”

2014an sortu zuten Birika Permakultura proiektua Leioako lursail okupatu batean. Jurgi Uriarte Idiazabalek eta beste bi kidek jarri zuten martxan egitasmoa. “Lursail hartatik bota egin gintuzten gerora, aparkalekua egin behar zutelako, eta, etenaldi baten ondoren, bakarrik... [+]


2024-09-23 | Nagore Zaldua
Adiorik ez, J.

A ze fauna! atalaren lehen denboraldian, olatuz-olatu hainbat  itsas izaki aurkeztu dizkizuet txoko honen traineruko kareletik. Ordea, bigarren denboraldiko nire lehen artikulua lagun bati gorazarre egin eta bere lanaren garrantzia  azpimarratzeko erabili nahi dut:... [+]


Eguneraketa berriak daude