Bederatzi neurri garatuko ditu segregazioaren kontrako Jaurlaritzaren mahaiak, gorabeheratsua izaten ari den prozesuaren azken fasean

  • Hirugarren eta azken fasean sartuko da Jaurlaritzak apustu estrategikotzat jo duen mahaia: segregazioari aurre egin eta ekitatea sustatzeko bederatzi proiektu definituko dituztela iragarri du. Aurrez, hainbat eragilek utzi du mahaia, kritika artean, eta mahaiaren eraginkortasuna ere zalantzan jarria izan da.

Irekia.eus

2026ko apirilaren 27an - 14:20
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ibilbidearen amaiera begi-bistan, ehun bat profesionalek eta hezkuntza eragilek neurriak zehazten lan egingo dutela nabarmendu du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Eskola-arrakasta sustatzea, eskaintza eta eskolatzea kudeatzea, familiekin lan egitea eta administrazioak koordinatzea oinarri hartuta, bederatzi proiekturen inguruan arituko direla aurreratu du eta horietako batzuen berri ere eman du. Hala nola ikasle sartu berrientzako harrera-programa integralak, hizkuntza-errefortzua, laguntza sozioemozionala eta familiekin lan egitea, ikastetxeen autonomia garatzea, irakasleen hasierako prestakuntza indartzea egungo erronkei erantzuteko, ingurune eleanitzak sustatzea, hezkuntza-informazioko zerbitzuak sortzea familiak eskolatze-prozesuetan orientatzeko, eta udalen eta gizarte-eragileen arteko tokiko akordioak bultzatzea. Hezkuntza-finantzazioari lotuta, neurrietako bat “Eskola-motxila” izango da: itunpeko ikastetxeetan ahultasun egoeran dauden ikasleek hainbat oinarrizko zerbitzu (jantokia, garraioa, materiala) bermatuta izatea.

Neurrietako bat “Eskola-motxila” izango da: itunpeko ikastetxeetan ahultasun egoeran dauden ikasleek hainbat oinarrizko zerbitzu (jantokia, garraioa, materiala) bermatuta izatea

Ibilbide gorabeheratsua

Kritika gogorrak jaso ditu mahaiak. Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideari ARGIAk egin dion elkarrizketan jaso dugunez, mahaitik ateratzea erabaki dutenek eta barruan jarraitzen duten ahots kritikoek nagusiki Hezkuntza sailari leporatzen diote aldebakarrez jokatzen ari dela prozesu horretan, benetako eztabaidarik ez dagoela eta aurrez erabakita zituenak adostasun itxuraz mozorrotzea beste helbururik ez duela mahaiak. Begoña Pedrosak, ordea, “mahai honek elkarrizketan aritzeko, elkarrekin hausnartzeko eta oso jarrera desberdinetatik proposamenak partekatzeko” ematen duen aukera nabarmendu du, hirugarren fasea aurkezterakoan.

ELA, LAB, STEILAS, EHIGE, PP eta Ikastolen Elkarteak utzi dute prozesua, Jaurlaritzaren jarduteko moduekin desados. “Prozesua utzi duten eragileez ari garela, segregazioari aurre egiteko neurriek askoren konplizitatea eta elkarlana behar dute, eta konplizitate horiek hautsi egin ditu Hezkuntza Sailak, apurtu egin ditu hezkuntza akordioan lortu ziren kontsentsuak, eta zentzu horretan mahaiaren balioa eta eraginkortasuna kolokan daude, gaur gaurkoz”, adierazi dio ARGIAri Ikoitz Arresek.

Pedrosak nahiago izan du fokua barruan jarraitzen dutenengan jarri: “Garrantzitsua da prozesu honetan parte hartzen ari diren pertsona eta erakundeen inplikazioa aitortzea”. Besteak beste, honako eragileak izango dira hirugarren eta azken fasean: Eusko Jaurlaritza, EUDEL, Biltzen, Euskadiko Eskola Kontseilua, ISEI-IVEI, HEIZE (Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa), Fapacne guraso elkarteen federazioa, UNICEF, Save the Children, Plena Inclusión, Eusko Ikaskuntza, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, BAM, EAJ, PSE-EE, EH Bildu, UGT, CCOO, Interinoak, Kristau Eskola, Ikasgiltza, AICE, EIB eta Elizbarrutia.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eskola segregazioa kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Gurasoen federazioa ere atera da segregazioaren kontrako mahaitik
"Ondorioak eztabaidaren aurretik ezarrita daudela dirudi"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.