argia.eus
INPRIMATU
Beste bederatzi makro-eoliko eraiki nahi dituzte, oraingoan Gipuzkoako Beizaman eta Bidania-Goiatzen
  • Finerge enpresak Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi makro-eoliko jarri nahi ditu, 229,5 metrokoa bakoitza, guztien artean 45-50 MWko potentzia izango luketenak. Haize-erroten artean sei errepide eraikiko lituzkete eta horrek Errezilgo lurrak ere hartuko lituzke. Beizama eta Bidaniko udaletxeei enpresak Saitec aholkularitza etxeak egindako "aurrerapena" aurkeztu die, ARGIAk jakin duenez.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko abenduaren 05
Bidani-Goiatzen eraiki nahi dituzte hiru haize errota, herrigunetik oso hurbil.

Saitec aholkularitzak eta Finerge enpresak sinatua dagoen proiektu aurrerapenaren arabera, Beizamako lurretan sei haize errota joango lirateke eta beste hiru errota Bidania-Goiatzen. Etxe batzuek oso hurbil izango dituzte, enpresaren txostenaren arabera "bakartutako etxeetatik 300 metroko distantzia" baita gorde dutena (gogoan hartu errota bakoitzaren altuera 229,5 metrokoa dela). Errepidetik ere gertu geratuko da horietakoren bat, 344 metrora. Eta erroten arteko distantzia laburrena 652 metrokoa izango da.

Zehazki puntu hauetan ezarri nahi ditu Saitec enpresak bederatzi makro-errotak. Beizama eta Bidaniko udalei aurkeztu dien proiektu aurrerapenean agertzen den irudia da.
Erroten artean 8 kilometroko errepidea eraikiko dute

Zentral eolikoa eraikitzeko GI-370 errepidea erabiltzea planteatzen du Finerge enpresak, hau da, Azpeitiko Nuarbe auzotik Beizaman barrena Albizturko Santutxo auzoraino joaten dena. Enpresak ez du aipatzen errepide hori zabaldu beharko litzatekeenik, baina galdera da ea errepide hori horrelako eraikuntza lan batek eskatzen duen neurriko makinaria pasatzeko bezain zabala eta gaitua ote den.

Horrez gain, bederatzi errotak haien artean lotuko dituzten sei errepide eraikitzea aurreikusten du enpresak. Errepide horiekin asfaltoz estaliko liratekeen 8,189 kilometro lirateke guztira, enpresak aurkeztutako aurrerapen txostenean ikus daitekeenez.

Udalerrien mugak ikus daitezke irudi honetan. Saitec enpresaren aurrerapen txostenean agertzen da berau.

Haize errota bakoitzari ondoan 200 metroko asfaltozko plataforma egin nahi diote, eraikuntzarako garabiak eta gainerakoak kokatzeko.

Sortutako argindarra lurpeko hiru zirkuitutatik bideratu nahi dute Azpeitiko Redeia azpi-estaziora. Enpresaren arabera, argindarra kanporatzeko lineak Errezil, Azpeitia eta Zestoako udalerriei eragingo die.