argia.eus
INPRIMATU
Beasaingo bi udaltzain zauritu dira komisarian suzko arma batekin tiro eginda
  • Tiroa “ustekabekoa” izan zela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Batek belaunean zuen zauria eta besteak eskuan.

Ainara Rodil Jaime 2024ko apirilaren 09a
Beasaingo Udaltzaingoa. /Argazkia: Beasaingo Udala

Igandean, Beasaingo Udaltzainen komisarian suzko arma baten ondorioz bi udaltzain zauritu ziren, 13:00ean. Beasaingo Udalak argitu du “lan istripua” izan dela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du tiroa “ustekabekoa” izan dela. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa aztertzeko.

Goierriko Hitzak adierazi duenez, udaltzaingo batek ebakuntza behar izan du belaunean eta orain Bizkaiko ospitale batean dago, baina biak arriskutik kanpo daude.

Udaltzaingoak armarekin

Udaltzaingoen baliabideak arautzeko, martxoan Lakuako gobernuak “oinarrizko ekipamenduak” beharrezkoak izatea ezarri zuen, tartean suzko armak, eta legea onartu berritan jazo da istripua. “Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoen armamentua eta bestelako baliabide teknikoak eta defentsa eta dotazioa arautzeko dekretua” onartu zuen. Dekretu horrek agenteek eraman beharko duten “oinarrizko ekipamendua” ezartzen du, besteak beste, su-arma labur bat, munizioa, balen aurkako txalekoa, girgiluak eta borra.

Araudi berriak bi epe zituen abian jartzeko. Dekretua indarrean sartu zen martxoan eta bertatik urtebetera, lehena, toki-erakunde guztiek aukera izan dezaten “agenteei armamentua, munizioa, baliabide teknikoak eta defentsakoak emateko”; eta bost urteko tartea, bigarrena, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan.