2027ko Frantziako hauteskunde presidentzialekin lotu du Seaskak Hezkuntza ministroaren iragarpena: “Ez du inolako sinesgarritasunik, 2028an ez baita gehiago ministro izanen”. Aurten Matematikako azterketa euskaraz erantzungo duten ikasleekin zer gertatuko da? Hori ere jakin nahi dute Ikastolek. EEPko lehendakariak, aldiz, baikor baloratu ditu ministroak esandakoak.
Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak egindako adierazpenen ostean etorri da Seaskaren balorazioa. Iragarpena baikorra dela diote, “urte luzeetako borrokaren fruitua”, baina ez dute ulertzen zergatik itxaron behar dituzten bi urte neurria aplikatzeko, ekain honetan bertan egin badaiteke. Are gehiago, Geffrayk berak jarritako adibideak hala dio: “Goi ikasketetan ikasketak ingelesez egiten direnean, azterketak ingelesez egiten dira eta inork ez dio ikasleari galdegiten froga horiek frantsesez pasatzea”. Orduan, zergatik ez zaie logika hori bera aplikatuko Ipar Euskal Herriko ikasleei, 2026 eta 2027ko baxoan? Aipatu moduan, hauteskunde giroan kokatu dituzte adierazpenak.
Etorkizuna, hipotekatuta?
Aurten Matematikako azterketa euskaraz erantzutea erabaki duten ikasleak “zigortuko dituzte? Beren etorkizuna hipotekatuko dute? Goi mailako ikasketetarako sarrera oztopatuko diete?”. Galdera asko ditu Seaskak, eta bilkura “lehenbailehen” eskatu diote Hezkuntza ministroari eta Bordeleko errektoreari, aurten hartuko dituzten neurriak zein diren argitu dezaten.
Garbi utzi dute: “Gibelatzerik ez dugu onartuko”. Datorren ekainaren 6an, elkarretaratzea deitua du Seaskak Bordeleko Errektoretza aitzinean.
EEP: "Egiazko aitzinamenduak dira"
Bestelakoa da Euskal Erakunde Publikoaren lehendakari Maider Behoteguyk egin duen balorazioa, Hezkuntza ministroaren adierazpenen harira. Behoteguyren esanetan, Geffrayren iragarpenak "egiazko aitzinamenduak dira euskarazko irakaskuntzaren balorizatzeko eta aitorpenerako".
EEPko lehendakariak prentsa-ohar bidez azaldu du Hezkuntza Ministerioa eskualde mailako irakaskuntza elebidunean urratsak emateko engaiatu zela, eta horretarako, "elkar aditze fase bat" ireki zutela otsailean, zeinetan Bretainia, Okzitania eta Kataluniako erakunde publikoekin batera EEPk parte hartu duen eta "entzunak izan" diren. Hor kokatu ditu ministroaren jakinarazpenak, hala nola berezitasunetako proba bat eskualdeko hizkuntzan osatzeko "EEPk egindako proposamen zehatz bat kontuan hartzea", Ahozko Handiaren proban eskualdeko hizkuntza erabiltzeko aukera izatea, eta 'sail elebiduna' aipamen ofiziala egitea baxoko diploman.
Hezkuntza Ministerioak finkaturiko prozesuaren baitan lanean jarraituko duela gehitu du EEPko lehendakariak.