Baxoa euskaraz pasatzearen aldarria entzunaraziko dute Baionatik larunbatean

  • Azterketak euskaraz pasatzeko aldarria entzunarazteko manifestazioa antolatu du beste behin Seaskak. Baionako Xaho Kaitik abiatuko da 15:00etan, eta euskaltzale guziei egin diete bertaratzeko deia: "Manifestaziora joatea ez da soilik Seaskaren aldeko keinua, Euskal Herri osoaren aldeko hautua baizik".


2026ko urtarrilaren 23an - 11:15
Azterketak euskaraz pasatzearen aldeko aldarria aspaldikoa da eta hamaika mobilizazio antolatu izan ditu Seaskak urtez urte. Seaska
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ikastolen eskakizunak entzunarazteko Parisen egon zen Euskal Herritik abiaturiko ordezkaritza bat urtarrilaren 12an. Frantziako Hezkuntza ministro Édouard Geffray-rekin ukan zuten bilera Euskal Herriko parlamentariek eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek, baina eskuak hutsik itzuli ziren Euskal Herrira. Hori horrela, manifestaziora deitu du Seaskak, urgentzian, nahiz eta jakin hamar eguneko tarteak jendea mobilizatzeko denbora guti uzten dien: "Badakigu manifestaldi bat hamar eguneko epean antolatzea arriskugarri dela. (...) Baina, euskarak aitzina egitea nahi badugu, halako hitzorduak ezin dira huts egin, eta denen ahalegina ezinbestekoa da".

Azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea bermatzea nahi dute, baina beste behin ministroak ez die horren segurtamenik eman. 2027rako aldaketak egiteko borondatea partekatu badie ere, ikastolen federazioaren arabera, ezin da horrenbeste luzatu: "Paperean ederra dirudi aitortze horrek, baina gure ikasleek ez dute promesen gainean azterketarik pasatzen, eguneroko errealitatearen gainean baizik. Ez da zilegi gaurko belaunaldiari eskatzea beste bi urte itxaroteko, bitartean injustizia berbera jasaten segitzeko", irakurri daiteke Seaskako lehendakari Antton Etxeberri, Erik Etxart eta Sophie Layusek plazaraturiko gutunean. Alta, aspaldiko aldarrikapenak aurten bai, erantzun baikorra izanen zuela espero zuen ikastolen antolakundeak, baina ez da horrelakorik ageri. Alegia, oraingoz eta ministroaren adierazpenei segi, aurten ere azterketak frantsesez egitera behartuak dira Ipar Euskal Herriko ikasleak.

Horregatik presioa jartzeko beharra ikusi du ikastolen federazioak, eta larunbateko manifestazioa "borroka eta mobilizazio ziklo berri baten hasiera" gisa aurkeztu du. "Herri-indarraren erakustaldia" izatearen garrantzia azpimarratzen dute plazaraturiko gutun horretan: "Karriketan ahul agertzen bagira, errazagoa izanen da promesak paperean uztea; herri indarra agertzen bada, ministro eta administrazioak behartuak izanen dira datuak, egutegiak eta neurri zehatzak mahairat ekartzera".

Azterketen antolaketa aldaketa batzuk bideratuta, Matematikako azterketa berria izanen dute aurten ikasleek baxoan, eta hori gutienez, aurten berean lortu daitekeela dio Seaskak. 2021eko erreforma aitzin Matematikako froga euskaraz egiten zen. Seaskak argi du: "Horrek frogatzen du ez dela oztopo juridikorik, borondate politiko eta administratibo kontua baizik". Gainera, errektoretzak badaki badirela hiru sareetan lanean ari diren irakasle euskaldun ugari, zuzentzaile elebidun izan daitezkeenak. Teknikoki egingarria dela dio federazioak: "Ez da egia ezinezkoa denik; ez da egia legea aldatu behar denik; egia bakarra da ez direla mugitzen, baldin eta kalean presioa sentitzen ez badute".

Euskararen kontrako oldarraldia

Baxoaren auzia euskararen kontrako oldarraldi zabalago baten parte dela salatuko dute Baionako karriketatik bihar: "EEPren aitzinkontua mugatzen denean, Euskal Kultur Erakundeari dirua kentzen zaionean, euskaraz hitz egitea debekatzen denean auzitegietan, eta hedabideei finantziazio murrizketa mehatxuak botatzen zaizkienean, mezu bera zabaltzen da: euskarak ez du leku oso eta duinik izan behar gure gizartean. Halako giroan, axolagabekeria ez da aukera neutrala, baizik eta erasoaren konplize bilakatzea".


Irakurri gehiago: Seaska Gizartea Hezkuntza Ikastolak
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Seaska kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.