Euskal Herriko ikastolakide eta euskaltzale guziei zuzendua da lerro hauen bidezko dei beroa. Urte luzez, guraso, irakasle eta ikasleek Seaskaren aldeko parioa egin dute, euskarazko murgiltze eredua eguneroko praktikaren bidez eraikiz. Orain, borroka horren mugarri erabakigarri baten aitzinean gara: baxoa euskaraz ala ez.
Euskal hautetsiekin Parisen egin azken bilkuran, Hezkuntza ministroak onartu du Blanquer-en erreformak hizkuntza gutituak bazter utzi zituela, eta prest agertu da 2027rako egokitze batzuk aztertzeko. Paperean ederra dirudi aitortze horrek, baina gure ikasleek ez dute promesen gainean azterketarik pasatzen, eguneroko errealitatearen gainean baizik. Ez da zilegi gaurko belaunaldiari eskatzea beste bi urte itxaroteko, bitartean injustizia berbera jasaten segitzeko.
Gogoan izan behar da: 2021eko erreforma aitzinetik, Matematikako froga euskaraz egiten zen, eta horrek frogatzen du ez dela oztopo juridikorik, borondate politiko eta administratibo kontua baizik. Matematika azterketaren arauek ez dute hizkuntza zehazten, eta errektoretzak badaki badirela hiru sareetan lanean ari diren irakasle euskaldun ugari, zuzentzaile elebidun izan daitezkeenak. Beraz, ez da egia ezinezkoa denik; ez da egia legea aldatu behar denik; egia bakarra da ez direla mugitzen, baldin eta kalean presioa sentitzen ez badute.
Ez da egia ezinezkoa denik [baxoa euskaraz pasatzea]; ez da egia legea aldatu behar denik; egia bakarra da ez direla mugitzen, baldin eta kalean presioa sentitzen ez badute
Ikastolen komunitateak ongi daki zein den jokoan. Baxoa euskaraz ez bada, mezua argia da: euskaraz ikasteko bide osoa ez dela benetan aitortzen, goi mailara iristeko atarian frantsesera igaro behar delako derrigorrean. Horrek kolokan ezartzen du murgiltze eredua bera, eta ikasleak zigortzen ditu beren hizkuntza hautuagatik, ez maila akademiko eskasagatik. Beste hitz batzuekin erranik, gure gazteei erraten zaie: euskaraz ikas dezakezue, baina azkenean frantsesez frogatu behar duzue zer balio duzuen.
Gainera, ezin da ahantzi baxoaren auzia euskararen kontrako oldarraldi zabalago baten parte dela. EEPren aitzinkontua mugatzen denean, Euskal Kultur Erakundeari dirua kentzen zaionean, euskaraz hitz egitea debekatzen denean auzitegietan, eta hedabideei finantzazio murrizketa mehatxuak botatzen zaizkienean, mezu bera zabaltzen da: euskarak ez du leku oso eta duinik izan behar gure gizartean. Halako giroan, axolagabekeria ez da aukera neutrala, baizik eta erasoaren konplize bilakatzea.
Horregatik, manifestaziora joatea ez da soilik Seaskaren aldeko keinua, baizik eta Euskal Herri osoaren aldeko hautua. Ikastolako guraso, irakasle eta langile, ikasle ohi, euskaltegietako ikasle eta irakasle, federazio, elkarte eta kultur talde guziak dira beharrezko Baionako karriketan, Xaho kaiaren inguruan mosaiko anitz eta indartsu bat osatzeko. Ezin da pentsatu beste norbaitek eginen duela gure partez; azken urteetako aitzinamenduak erakusten du lortu den guztia mobilizazioari eta antolakuntzari esker lortu dela.
Bada arriskua, egia da, hamar egun eskasean manifestaldi bat antolatzea ez baita erraza. Baina zailtasun hori da, hain zuzen, gure konpromisoaren neurriaren ispilu. Euskarak aitzina egin dezan, batzuetan eguneroko agendetan aldaketak egin behar dira, ordutegiak moldatu, autobusak antolatu, lagunak eta ikasleak bildu. Hori eskatzen baitu oldarraldiaren aurrean antolatu beharreko indarraldiak; eremuz eremu, garaipenak eskuratzea.
Baionako hitzordua ez da egun isolatu bat, baizik eta borroka eta mobilizazio ziklo baten hasiera. Manifestazio honetan erakusten den indarrak baldintzatuko du nola eramango den aitzina 2027ra irits daitekeen negoziazio bidea. Karriketan ahul agertzen bagira, errazagoa izanen da promesak paperean uztea; herri indarra agertzen bada, ministro eta administrazioak behartuak izanen dira datuak, egutegiak eta neurri zehatzak mahairat ekartzera, urgentziazko neurri batekin hasiz: ekaineko Matematikako azterketa euskaraz izatea lehenean diren ikasleentzako, eta ahozko handiak euskaraz terminalean direnentzat.
Euskararen aldeko mugimenduak badaki zer den halako mugarriak baliatzea. Behin eta berriz erakutsi dugu herri honen indarra ez dela diskurtso instituzionalen menpe; herri honek bere bidea egiten du, eta sarritan instituzioek herritarrek zabaldutako bidean egiten dituzte urratsak. Orain ere hala izan dadin, beharrezkoa da ikastola bakoitzean, elkarte bakoitzean eta lagun kuadrilla bakoitzean Baionara joateko antolaketa praktikoa egitea: autoak betetzea, autobusak antolatzea, gazteei eta familiei deitzea.
Beraz, dei argia: larunbat huntan, denak Baionara. 15:00etan, Xaho kaian, belaunaldi berriei zor zaien eskubidea oihukatzeko: baxoa euskaraz, orain. Gure ikasleen eskubideak gure geroa eraikitzeko ezinbesteko baitira. Hitzak emanak dira; orain, karrikan, hitza betetzea dagokigu: Hitza hitz, baxoa euskaraz.
Antton Etxeberri, Erik Etxart eta Sophie Layus, Seaskako lehendakariak
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.