Herriko bozen lehen itzuliaren kontaketak bukatu bezain laster erantzun die ARGIAren galderei ezkerreko abertzaleen koalizioaren bozeramaileak. Bigarren itzuliari begira, astearte gaua bitartean ariko dira negoziaketetan; baina argiki dio: EH Baik "marra gorri" batzuk ditu eta pasaz gero ez da bateratzerik posible izango. Zehazki 11 herritan ukanen dute bigarren itzulia martxoaren 22an eta horietarik gehienetan bigarren itzulira pasatzeko aukera dute abertzaleak ere barnebiltzen dituzten zerrendek.
Beroan bero eta begirada orokor batetik, zein da EH Bairen balorazio orokorra?
Egiten dugun lehen balorazioa baikorra da. Emaitzak herriz herri begiratuta erran daiteke boto kopuruetan igan garela. Pozik gara hautagaiek egindako kanpainarekin ere, zoriontzen ditugu. Hauteskundez hauteskunde ezkerreko ideia abertzaleak indartuz doaz eta bai, hauteskunde horiek hori berretsi digute.
Herri batzuk azpimarratzekotan, zein atxikitzen duzu gogoan?
Baliteke amikuztarra izanik hori erratea, baina Donapaleu (Baxenabarre). Auzapez abertzale bat ukanen dugu, eta hori horrela, Baxenabarreko bi herri nagusietan auzapez abertzalea dugu. Senpereko (Lapurdi) garaipena ere azpimarratu nahi dut; dinamika ona genuela bagenekien, baina lehen itzulitik irabazle atera izana sorpresa ederra da. Bestela, garaipenak ez badira ere, Hendaiako (Lapurdi), Bokaleko (Lapurdi) eta Angeluko (Lapurdi) emaitzak azpimarratu daitezke. Bistan da, 2014an eta 2020an auzapez abertzaleak hautatu zituzten herrietan ere irabazteak errepikatu dira, Ziburun (Lapurdi), Uztaritzen (Lapurdi), Baigorrin (Baxenabarre) Itsasun (Lapurdi), Hiriburun (Lapurdi)...
Begira diezaiogun Baionari. Ezkerretik lehen indarra atera da Jean-Claude Iriart abertzalearen zerrenda. Bi itzulien arteko negoziaketak izanen direla pentsatu daiteke. Zein da zuen postura?
Iriarten zerrenda lehen atera izanak erakusten digu agian hori zela ezkerrarentzako hautagai egokia. Azken hauteskunde legegileetan ikusi da baturik denean emaitza biziki onak ateratzen dituela ezkerrak. Sozialista batzuk sartu dira Iriarten zerrendan, Colette Capdevielle demagun, baina beste batzuek, batez ere tendentzia jakobinokoek, erabaki dute parean aurkeztea. Bigarren itzulirako konfigurazio aski konplikatu bat uzten digu zatiketa horrek. Egia erran, abertzale gisa Etchetorekin abiatzea konplikatua da, azken urteetan hartu izan dituen postura ezberdinengatik: kontra agertu da euskarari begira, gatazkaren konponketan, aitortza instituzionalari dagokionez, eta AHTren alde da. Etxetorekin baditugu posizio kontrajarri anitz, marra gorriak direnak, eta zaila da berekin aliatzea. Baina egia da ere Baiona Mugimenduan mugimendu zabala dela, abertzaleak ez garela bakarrik eta ikusi beharko da barne-eztabaidek zer emanen duten.
Kanbo (Lapurdi) ere aipatu dezakegu. EAJko Peio Etxeleku atera da garaile. Bigarren itzuliari begira aliantza irudikatu dezakegu?
Abertzalea da Etxeleku, baina eskuindarra eta ultra-liberala ere bada, ikusita Ipar Euskal Herrian duen jarduera eta hartzen dituen posizioak. Euskal Hirigune Elkargoan hartutako posizioak kontuan hartuta, izan bilakaera instituzionalaren edota laborantza egituraren kontrakoak, erran daiteke Etxelekuk ere gure marra gorriak gainditzen dituela.
Elkargoaren osaketa izanen da ondoko etapa.
Gure proiektu politikoaren garapenarako ahalik eta erabaki hoberena hartu nahi dugu. Elkargoari begira, ez dugu oraindik gure postura trenkatu, bigarren itzuliko emaitzak eta elkargoaren osaketa itxoiten dugu oraingoz eta horren arabera erabakiko dugu, biltzar nagusi bidez, elkargoan jokatuko dugun paperari buruzko erabakia.