Selektibitatearen inguruko polemikak oraindik bizirik, ikastetxe publiko eta itunpekoetako Batxilergoko notak eta ikasle horiek gero selektibitatean ateratzen dituzten notak konparatzeko eskatu diote Nafarroako Hezkuntza Departamentuari, ikastetxe batzuek ikasleen espediente akademikoa puzten ote duten argitzeko. Steilasek egina du lan hori.
Zurekin koalizioak egin dio eskaera Hezkuntza departamentuari, parlamentuan erantzun dezan. Gardentasuna eta ikasle guztien aukera-berdintasuna bermatzea argudiatu ditu koalizioak, “ikasleen arteko desorekak” gainditzea helburu. 2023an gertatutakoa ekarri du gogora: Nafarroako Arartekoak foru gobernuari eskatu zion Opuseko Irabia eta El Redin ikastetxeen jarduna aztertzeko, Batxilergoko ikasleen notak puzten zituztelakoan. Izan ere, desproportzio handia ikusi zuten bi eskola horietako Batxilergoko ikasleen batez besteko kalifikazioaren eta Unibertsitatera Sartzeko Probaren (USAP) notaren artean. “Nola liteke Nafarroako bi ikastetxek sei urtez Batxilergoko nota onenak atera eta, aldiz, ez gertatzea berdin USAPeko kalifikazioekin?”, zioen Arartekoak.
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ez zion kasurik egin Arartekoaren eskaerari; ikusteko dago Zurekin koalizioaren eskaerari zer erantzungo dion.
Pribatua vs publikoa
Steilas sindikatuak azterketa kaleratu zuen 2020an. Azken zortzi urteetako Batxilergoko eta USAP probako kalifikazioak alderatu zituen, eta honako ondorioa atera zuen: “Selektibitateko fase orokorrean, publikoko ikasleek batez beste nota hobeak ateratzen dituzte. Eskola pribatuko ikasleek ikastetxetik dakarten nota publikoko ikasleena baino handiagoa da, nahiz eta beraien ezagutza txikiagoa izan. Ikastetxetik dakarten puztutako nota hori medio, unibertsitaterako sarbidea zehaztuko duen batez besteko nota handiagoa dute eta publikoko ikasleekiko lehentasuna beraien ikasketak aukeratzerakoan”.
Nabarmentzekoa da, unibertsitate publikora joateko aintzat hartzen den kalifikazioan, Batxilergoan izandako espediente akademikoak %60 balio duela eta beste %40 USAP probako notatik ateratzen dela.
"Nota horrek aukerak irekiko edo itxiko dizkio ikasleari. Ondoko itunpeko zentroak notak puztera jotzen duela jakinik, bidezkoa al da gure ikasleak nota zehatzago baina batzuetan baxuagoekin ateratzea institututik?"
Malguegi ala zorrotzegi?
Afera ez da berria hezkuntza komunitatean. Hainbat ikastetxek notak puzten dituztela salatzen du ugarik; eta beste hainbatek berriz, fokua justu beste ikastetxeetan jartzen dute: ikastetxe batzuk zorrotzegiak direla eta malguago jokatu beharko luketela uste dute. Tere Maldonado Filosofia irakasleak honela heldu zion gaiari, Berrian: “Ikastetxe publikoen irakasle-taldeek ikasleen azken nota jartzean maneiatu behar duten egoera dilema moral borobila izaten da. Jakin badakite nota horrek batez besteko notarako zenbatuko duela, aukerak irekiko edo itxiko dizkiola ikasleari. Askotan, badakite ere ondoko itunpeko zentroak, zeinarekin ikasleak erakartzeko lehian dauden, notak puztera jotzen duela. Gauzak horrela, bidezkoa al da gure ikasleak nota zehatzago baina batzuetan baxuagoekin ateratzea institututik?”.
Juan Karlos Lopez-Mugartza irakasleak berriz, ARGIAri azaldu zion behin baino gehiagotan entzun duela zorroztasuna hitza hezkuntza publikoari lotuta, “baina curriculumak ezartzen dituen irizpideak baino ez ditugu jarraitzen, curriculuma bera baita zorrotza, eta presioa jaistea zaila da”; hortaz, beharbada “curriculuma aztertu beharko litzateke, ea nola aplikatu behar den, bidezkoa den, arrakala areagotzen duen…”.