Batxi 2: “Bizitza osoa jokoan” duten sentsazioak itotako ikasleak?

  • Tentsio handiko ikasturte berezia da Batxilergoko bigarren maila. Laster izango duten azterketa garaian, ikasleen antsietate eta krisi uneak kudeatzeko zaintzaz arduratzen den pertsona bat dutela kontatu digu Peio Salazar irakasleak.

Freepik

2026ko urtarrilaren 14an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Unibertsitatera Sartzeko Probak (USAP) markaturiko ikasturtean, presio handia al dute Batxilergo 2ko ikasleek? “Ez da bakarrik proba hori, bizitza osoa jokoan dutela sentitzen dute”, erantzun digu Gasteizko Ekialdea institutuko irakasle Peio Salazarrek. Urte berezia da: aurreko mailetan pare bat ikasgai gainditu gabe egin dezakete aurrera, baina azken honetan dena gainditu behar dute titulua lortzeko, baita Lanbide Heziketara edo unibertsitatera ohiko deialdian salto egiteko ere. Batzuek argi dute zer ikasi nahi duten eta behar duten nota ez lortzeko beldur dira, edota ez dute unibertsitate pribatura joateko aukerarik.

"Gaitegia sakona da; beste maila batzuetan curriculuma arindu dezakezu, baina honetan ezin da halakorik egin"

Beste ikasturte batzuk erlaxatuagoak izan daitezke, baina Batxilergo 2n “ikasturte osoan topera daude ikasleak, gaitegia gainera sakona delako; beste maila batzuetan curriculuma arindu dezakezu, baina honetan ezin da halakorik egin, Unibertsitatera Sartzeko Proban gaitegi guztia sartzen denez curriculum guztia eman behar delako”.

Horri gehitu behar zaio iaz aldaketak egin zituztela USAP azterketa ereduan eta aurten berriro ere aldaketa gehiago egin dituztela. Egoerak kezka eta haserrea piztu du irakasle ugariren artean, eta ikasleei eurei ere eragiten die: azterketa berria denez ez dakite oso ongi zer aurkituko duten, eta gainera, Salazarren hitzetan, zailagoa da. “Horrek esan nahi du handitu egingo dela proba gainditzen ez duen ikasleen kopurua”.

Estresa eta negarra

Urtarrila bukaeran azterketak egingo dituzte Batxilergoko ikasleek. Ekialde institutuan lau egunetan kontzentratuko dituzte etsaminak, eta egun horietan zaintzara bideratutako arduradun bat izango da beti pasilloetan, behar duenak nora jo izan dezan. “Tentsioa handia da eta denek ez dakite presio hori kudeatzen; antsietatea, urduritasuna, negarra, estresa… ikusi izan ditugu, eta ikasle horiei arreta emateko gaude. Presioak gaindituta bukatzen dutenak gutxiengoa dira, baina tentsioa denek dute”. Lo gutxiko egunak izan ohi dira, kafeina ere hartuko du batek baino gehiagok…

"Tentsioa handia da eta denek ez dakite presio hori kudeatzen; antsietatea, urduritasuna, negarra, estresa… ikusi izan ditugu, eta ikasle horiei arreta emateko gaude"

Selektibitatea “beti” hor egon dela botako duenik bada. Agian, belaunaldi berriak gehiago esplizitatzen ditu emozioak, agian okerrago daramate… baina presio akademikoa handia dela ere egia da. Unibertsitatera sartzeko noten batez bestekoak gora egin du, lehiak bezalaxe, eta estres akademikoa %68 handitu da 2006tik, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera. “Gaur egungo gazteak kontzienteago dira, informazio asko dute, orientazio handia eta eskaintza zabala, estres puntu bat sortzen du horrek”.

Gakoa, erlatibizatzen saiatzea

“Guk esaten diegu gerta daitekeela nahi duten ikasketetan ez sartzea, edo unibertsitateko eta Lanbide Heziketako lehenengo urtean okertzea ere… baina bizitza oso luzea dela. Zama hori kentzen saiatzen gara”, kontatu du Salazarrek. Ikasturte batean etorkizuna jokatzen duela sentitzen duen gazteak, ordea, zaila du karga hori bizkar gainetik kentzea.

ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.


Irakurri gehiago: Hezkuntza Gizartea Selektibitatea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.