Bateragune auzia presentzia handia izaten ari da Euskal Herriko eta Espainiar estatuko komunikabideetan. Hala ere, zer da Bateragune auzia? Nor epaitzen da? Zergatik? Zer zigor eskaera dauzkate? Galdera hauen erantzunak topatuko dituzu irakurtzen jarraitzen baduzu.
Zer da Bateragune auzia?
Gaur goizean hasi eta uztailaren 7ra bitarte iraungo duen epaiketa izendatzen da horrela, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Bertan ezker abertzaleko zortzi kide epaituko dira ETAren aginduz ilegalizatutako Batasuna birsortu nahi zutela egotzita. 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten Donostiako LABeko egoitzan bilera bat egiten ari zirenean. Ezker abertzaleko kideek salatu dutenez, Bateragune auzia epaiketa politikoa da. Auzipetuek ezker abertzalearen barnean estrategia aldaketa bultzatu nahi zuten, borroka armatuaren aroa amaitu eta bide demokratiko eta baketsuan soilik oinarritzeko.
Nor dago auziperatua?
Arnaldo Otegi, Batasunako mahai nazionaleko kide eta eledun ohia. Elgoibar (Gipuzkoa)
Rafa Diez, LABeko idazkari nagusia 1992tik 2008ra. Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Amaia Esnal, ezker abertzaleko kidea. Urnieta (Gipuzkoa)
Sonia Jacinto, EHAKko diruzain ohia. Orereta (Gipuzkoa)
Txelui Moreno, ezker abertzaleko zinegotzi ohia eta LABeko ordezkaria. Burlata (Nafarroa)
Arkaitz Rodríguez, ezker abertzaleko kidea. Donostia (Gipuzkoa)
Mañel Serra, ezker abertzaleko kidea. Hernani (Gipuzkoa)
Miren Zabaleta, ezker abertzaleko kidea. Patxi Zabaletaren (Aralar) alaba. Iruñea (Nafarroa)
Zer zigor eskatzen ditu fiskalak?
Hamar urteko kartzela zigorra bakoitzarentzat, ilegalizazioaren ostean Batasuna berreraiki nahi izana egotzita. Horrez gain, “Eusko Alkartasuna, Aralar, Abertzaleen Batasuna eta ELA erakarri eta Euskal Herria eta Espainiar estatuaren artean konfrontazio borroka eremua” eraiki nahi izana ere akusatzen zaie.
Zer eskatzen du defentsak?
Absoluzioa kide guztientzat.
Nork epaituko ditu?
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak agindu zuen operazioa 2009an eta hori kargugabetu ondoren Pablo Ruz epaileak hartu zuen sumarioaren ardura. Sententzia Juan Francisco Martelek idatziko du eta epaimahaiburua Angela Murillo izango da.
Auziak eragindako mobilizazioak
Eleak mugimenduak gaur arratsalderako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan auziaren aurkako manifestazioak antolatu ditu. Elgoibarren ere, Arnaldo Otegiren herrian, 12:00etatik 19:00etara bitartean kontzentrazioa egingo dute eta manifestazioarekin amaitu. Gainera, Donostiako Zuloaga plazan eskubide zibil eta politikoak oinarri izango dituzten ekintzak egingo dira bihartik uztailaren 2ra bitartean. Uztailaren 2an Gipuzkoako hiriburuan nazioarteko manifestaziora deitu dute politika eta gizarte esparruko pertsona ezagunek.
Banco Bilbao Vizcaya Argentaria ez da Bilbokoa ezta Bizkaikoa ere, aspaldi egin zuen hegan Madrilera eta handik dirua beste aberririk ez duten nazioarteko inbestitzaileen atzaparretara. Vizcaya eta Bilbao bankuei begira jartzeak eramaten gaitu milaka eta milaka pertsonen izerdi... [+]
Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen... [+]
Gara egunkariak bizi duen egoeraren berri eman du asteazken honetan. Egunkariak zor bidegabe bati aurre egin behar izan dio azken 15 urteetan, Egin-ek Gizarte Segurantzan ordaintzeko zeukana agindu judizial baten bidez egunkari berriari ezarri ostean. Orain, aurreakordio batera... [+]
“Goizero-goizero amosal bonba txiki batek, 50 bat gramokoa, eztanda egiten du Euskadin: Egin egunkaria”. Hala zioen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Juan Mari Atutxak 1996an, gaur egun arte luzatu den ‘Dena da ETA’ teoriari ateak irekiz.