argia.eus
INPRIMATU
2026ko irailaren 29a
'Bihar' nazioarteko kongresua (I)
Nazioarteko “elkartasun fronte” bat, hizkuntza komunitate gutxituak biziberritzeko
  • Andichi Chahid-ek amazig komunitatean erresistentziaren kontakizunera itzultzea lehenetsi du. Albert Badosa katalanak eskuin muturraren aurrean hiztun komunitateek identitate modernoak eskaintzeko duten gaitasuna azpimarratu du. Nasa komunitateko Miriam Viviana Gonzálezek hiztun komunitateak “lubaki antifaxista” gisa aldarrikatu ditu. Egin berri den Bihar kongresuan aritu dira hizketan erresistentziaz eta elkartasunaz.

Ezkerretik eskuinera, Irati Amondarain, Miriam Viviana González, Albert Badosa eta Andichi Chahid. Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

(Euskaratik zein gizarte-proiektu eskaini aztertzen /‘Bihar’ nazioarteko kongresua II)

Biziberritze prozesuan dauden hizkuntza komunitate gutxituen nazioarteko elkargune izan berri da Euskal Herria. Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua lelopean, Bihar kongresua abiatu zuten joan den irailaren 23an Garabidek, Soziolinguistika Klusterrak, Taupak eta Plazara kolektiboak. Irailaren 26ra bitarte, “mundu mailako adituak, aktibistak eta artistak” bildu zituzten lau egunez Bilbon (Bizkaia), Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi). Kongresua azken bi urteetan garatutako nazioarteko prozesu parte-hartzaile baten emaitza izateaz gain, “inflexio-puntu eta abiapuntu” izateko grinaz jaio zen.

Bi urte daramatzate Garabidek, Soziolinguistika Klusterrak, Taupak eta Plazara elkarteek mundu osoko hizkuntza komunitate gutxituekin egitasmo honetan lanean. 2025ean diagnostikoarekin abiatu zuten prozesua: bost kontinenteetako 70 hizkuntza komunitatetako diskurtsoak “ikuspuntu intersekzionaletik” aztertu zituzten.

2026ko udaberrian diagnostikoaren emaitzak partekatu zituzten euskalgintzarekin zein Euskal Herriko gizarte mugimenduko eragileekin. Hogei lan-saiotan 100 eragiletik gora aritu ziren “gaitasun kolektiboak indartzea” helburu zuen etapan. Izan ere, euskalgintza arloko taldeez gain, feminismoa, ekologismoa, gazte mugimenduak, migratzaileekiko elkartasuna, LGTBIQ+ mugimendua, arrazakeria eta lankidetza lantzen dituzten taldeek hartu zuten parte prozesuan, “diskurtso eraldatzaile, inklusibo eta intersekzionalak sortu ahal izateko”.

Sozializazioan arreta berezia jarri zioten “munduko hizkuntza komunitateekin harreman bidezko eta orekatuak sortzeari, eta hizkuntza komunitateen barne-aniztasuna aitortzeari”. Bi urteko prozesu oso horren emaitza izan da iragan irailaren 23tik 26ra bitartean Euskal Herrian antolatutako Bihar Nazioarteko Kongresua.

Lau egunez, eta egitarau askotariko eta oparoaren inguruan, kongresuak hainbat parte-hartzaile elkartu ditu “ahots desberdinetatik gure hizkuntzen biziberritzeari buruz gizarte osoari mintzatzeko”. Xan Aire Hasketen hitzak dira; Plazara kolektiboko kideak izan zuen Euskalduna Jauregian egindako irekiera ekitaldian Bihar egitasmoaren ibilbideak eta arrazoiak azaltzeko ardura. Aurretik biltzarra babestu duten erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza, bai eta Gorane Aiesta kongresuaren antolatzaileak ere.

Bihar kongresua irailaren 23an hasi zen Euskalduna Jauregian, Bilbon. Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Jarraipena eta hastapena

Xan Airek azpimarra jarri zuen Bihar kongresua aurretik egindako diagnostiko eta sozializazio prozesuen baitan ulertu beharreko beste urrats bat dela eta, akaso, “ziklo berri baten hastapena”. Izan ere, Euskal Herrian “lausoaldi” batean gaudela gogorarazi zuen; aurre egiteko beharrezkotzat jo zuen “elkartasun-fronte bat eraikitzea”. Bi kezka nagusi jarri zituen mahai gainean: batetik, kontakizunen biziberritzearena, hau da, “nola kontatzen ditugun gure hizkuntzak”; eta, bestetik, hizkuntzen biziberritzearena, esan nahi baita, “zergatik eta zertarako biziko garen mende honen bukaeran gure hizkuntzetan”.

Bi kezka horiei tiraka, markoaren inguruan jardun zen. Definizio eta diskurtso propioak sortzeko beharra adierazi zuen, biziberritzen ari den hizkuntza komunitate gisa “postura ahalduntzaileak” eraikitzeko. “Askotan esaten digute hizkuntza minorizatuak eta gutxituak garela, baina guk gure definizio propioak sortu behar ditugu”, iradoki zuen. Biktimaren iruditik aldentzeko deia ere egin zuen: “Tokatu izan zaigu alarmak piztea, baina hemen gaude esateko ez garela soilik biktima, entitate linguistiko, kultural eta kolektiboak ere bagara”.

Xan Airek Euskal Herrian “lausoaldi” batean gaudela gogorarazi zuen; aurre egiteko beharrezkotzat jo zuen “elkartasun-fronte bat eraikitzea”

Horrela, zer eta nola kontatu nahi dugun zehazteaz aparte, nabarmendu zuen biziki garrantzitsua dela “nori hitz egin nahi diogun zehaztea”. Badira komunitateko hiztunak, inguruko ez-hiztunak, pasaiako ez-hiztunak, beste komunitate gutxituetako hiztunak… eta talde bakoitzak interes, inplikazio eta erresistentzia maila desberdinak ditu. Horrexegatik, bakoitzarekin nola aritu zehaztu beharra dagoela uste du Airek: “Agian batzuekin biktima bezala agertu nahi dugu; agian errealitate zentro berriak ere sor ditzakegu, subjektu eta eragile bezala agertzeko”.

Sinbolismoa errekuperatzearen garrantziaz ere aritu zen, baina pragmatismoa atzean utzi gabe, “ez dadin ordezkatze linguistikorik gertatu berriro munduan”. Soziolinguistikak duen indarra jarri zuen balioan, eta akademian eta filologian arreta jartzeaz gain, komunitate-lana egitearen ezinbestekotasunaz aritu zen: “Mundu mendebaldar honetan gizartea gero eta indibidualistagoa da eta guk komunitatea dugu egiteko. Ni ezberdinak kontuan hartzen dituen komunitatea sortu behar dugu”. Horren haritik, hizkuntza aniztasuna kudeatzearen alorrean euskaldunok munduari ekarpen asko dugula egiteko azpimarratu zuen.

Xan Aire, Plazara kolektiboko kidea. Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Zer, zergatik eta zertarako

Irekiera ofizialaren ondotik etorri zen Bihar kongresuaren baitako lehen mahai-ingurua. “Zergatik da premiazkoa kontakizun berriak edo berrituak bilatzea, aktibatzea eta hedatzea?” galdera ardatz harturik ordu eta erdiz aritu ziren solasean nasa komunitateko Miriam Viviana González Garzón, Albert Badosa Roldós katalana eta Andichi Chahid amazig eta tarifit hiztuna. Nor bere hizkuntza komunitateko biziberritze prozesuetan aritua eta aditua da, eta asko dute kontatzeko.

Garabide Elkarteko Irati Amondarain Labayen moderatzaileak proposatutako galderei tiraka narratibetan kontakizun berriak eta berrituak aktibatzearen inguruan, tokian tokiko biziberritze esperientzien inguruan, sinbologiaz, digitalizazioaren eraginaz, gazteen parte-hartzeaz eta hizkuntza gutxituak desiragarri egiteko bideen inguruan aritu ziren, zein bere errealitatetik baina betiere kontzientzia komunitarioan arreta jarrita. Miriam Viviana González eta Andichi Chahid hasi ziren nasa eta amazig hiztun komunitateen historia soziopolitikoa kokatzen eta biziberritze prozesu eta borrokak azaltzen.

Nasa Yuwe-aren hiztun-komunitatean 2010ean abiatu zuten gizarte maila lokaleko aktibazio soziala helburu zuen biziberritze prozesua. Helduen alfabetatzea, hezkuntza-proiektu elebiduna, hizkuntza-politika linguistiko berriak eta babes politikoa izan zituzten ardatz. Dena den, Gonzálezek azpimarratu zuen nasa yuwe hizkuntzaren biziberritzea ezin dela ulertu komunitatearen espiritualtasuna eta ama-lurrarekiko atxikimendurik gabe: “Biziberritzearen gaineko kontakizun berri bat eraikitzen hasi ginen komunitatea hasi zenean hizkuntza ulertzen berezko indarra duen espiritu baten gisa”.

Andichi Chahidek Maroko eta Aljeriako estatuetan amazigaren aitortza eta ofizializazio eta estandarizazio ibilbidea azaldu zuen. Kaleko borroka herrikoiek bultzatutako prozesu luze eta gatazkatsuak izan ziren, bereziki 90eko hamarkadan Amazigen Udaberria deiturikoaz geroztik piztutakoak. Chahidek “erresistentziaren kontakizunera” igarotzea aldarrikatu zuen. Izan ere, garai hartako instituzionalizazioak kaleko borroka neutralizatu zuela ekarri zuen gogora. Aipatu zuen egun ez dagoela orduko borroka-komunitate indartsurik bizirik, nahiz eta amazig hiztunen galera gertatzen ari den, bereziki herri eta hiri handietan.

Albert Badosak ere kontakizunaren nolakotasunean jarri zuen azpimarra: “Narratibaren kontakizun horizontal batera itzuli behar gara”. Egungo globalizazioan, bizi dugun multipolarizazio egoeran eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean hiztun komunitateek identitate berri eta modernoak eskaintzeko duten gaitasuna azpimarratu zuen. Gonzálezek ere hiztun komunitateak “lubaki antifaxista gisa” aldarrikatu zituen, eta “benetako nasa” gisa biziberritzeko apustuan jarri zuen arreta, ez edozein gisara.

Miriam Viviana González. Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Kontzientzia komunitarioa piztea

Hizkuntzak ez ezik, herri bakoitzak borrokarako eta komunitatea eraikitzeko dituen moduak ere berpiztu behar direla aipatu zuen Miriam Viviana Gonzálezek, tokian tokiko parte hartzeko eta engaiatzeko moduak errespetatu eta berreskuratuz. Andichi Chahidek ere biziberritze prozesuak tokian toki egokitzeko beharra azpimarratu zuen: “Marokon, esaterako, amazig komunitate askotarikoak daude eta lurralde bakoitzak errealitate sozial eta ekonomiko propioa du; horretara egokitu behar dugu”. Espazio komun bat sortzeko ahalegina egin behar dela uste du, eta tokian tokiko ekosistema ekonomikoak hizkuntzen garapenean duten eragina aztertu eta baliatu.

Lurraldetasunari lotuta, bai Badosak bai Chahidek hizkuntzen eta krisi klimatikoaren arteko lotura azpimarratu zuten. Chahidek Marokon kontzientzia ekologikoan eragiteko beharra jarri zuen mahai gainean: “Klima aldaketak eragindako eskualde guztiak amazigak dira; lehortean bizi dira eta eskualde arabiarretara emigratzera behartuta daude”.

Hizkuntzen biziberritzearen aldeko kultura erein behar dela aldarrikatu zuen Andichi Chahidek, amazig militante sozialen artean ez baitago hizkuntzaren kontzientzia txertatuta. 90eko hamarkadan kulturaren alde lan handia egin zuten elkarteak ahultzen ari direla ohartarazi zuen, eta arlo horretan digitalizazioak eta gazteen portaera gero eta indibidualagoak dakartzaten arriskuak aipatu zituen. Amazigaren estigmatizazioa borrokatu eta folklorearen zokotik ateratzeko deia egin zuen.

Miriam Viviana Gonzálezek “hizkuntzen ekintzailetza” kontzeptua atera zuen. “Frogatuta dago ez dagoela biziberritzerako formula bikainik. Horregatik, elkartasuna eta lankidetza linguistikoa izango dira bidea”, zehaztu zuen. Biziberritze prozesuetan “eusten” ari diren komunitateen ahotsa zabaldu behar dela aldarrikatu zuen, ez kanpoko narratibak, eta kontzientzia komunitarioa nork bere kontakizunetik eta identitatetik piztu behar den arren, “elkarri begiratu” beharra dagoela.

Albert Badosak narratibetan biktimizazioa alde batera uzteko deia egin zuen. Gogora ekarri zuen garrantzitsutzat jotzen ditugun gauzak ondo egiten ditugula, eta badirela arrakastaren bidez gailendu eta zabaldu diren ekimenak, Korrika kasu. Horregatik, eredu arrakastatsu propioak nabarmendu eta marra gorriak diren narratibak identifikatzeko beharra jarri zuen mahai gainean. Batasunaren aldeko aldarria egin zuen Gonzálezek: “Ideala litzateke borrokan bizi behar ez izatea, baina ez zaigu egoera hori egokitu. Erresistentzia linguistikoan gaude, eta dei egiten diogu egoera honetan beharrezkoa den batasunari”.