“Bat eta hiru urte arteko espetxe zigorrarekin mehatxatu gaitu CCOOk, izugarrizko gehiegikeria da”

  • Abenduaren 24an Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi ekintzailek Olentzeroz jantzi eta zaku bete ikatz bota zuten CCOO sindikatuaren Gasteizko egoitzaren sarreran. Iragan ostiralean “urgentziazko agerraldia” egin zuen eragile euskaltzaleak. Salatu zuten CCOO sindikatuak espetxe zigorrekin “mehatxatu” dituela, hainbat “konpromiso” onartu ezean: besteak beste, ekintzaren bideoa sare sozialetatik ezabatzea, etorkizunean antzekorik ez errepikatzea, eta akordioa sekretupean mantentzea. ARGIAren galderak idatziz erantzun ditu Intza Gurrutxaga Loidi EHEren bozeramaileak.

Ostiralean "urgentziazko agerraldia" egin zuen EHEk. EHE

2026ko martxoaren 23an - 06:00
Azken eguneraketa: 2026-04-08 09:58
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

CCOO sindikatuak abenduan egindako ekintza batengatik mehatxatu zaituztela salatu duzue. Zer egin zenuten, eta zergatik?

Ekintzaren helburua izan zen euskaldunon aurkako oldarraldi politiko-judizial-sindikalean CCOO jokatzen ari den paper estrategikoa salatzea. Aurrez ere bai hainbatetan salatu izan dugu sindikatuaren jarrera euskarafoboa. Horretarako, bi Olentzero bertaratu ziren sindikatuak Gasteizen duen egoitzara eta ikatza utzi zuten. Pegatinak itsatsi zituzten egoitza atarian, euskararen aldeko aldarriekin nahiz CCOO euskararen etsai gisa seinalatzeko.

CCOOren abokatuen gutuna jaso duzue. Azaldu duzuenez, sindikatuak bere “irudi-, ospe- eta marka-eskubideak urratu izana” leporatu dizue, baina “adiskidetasunezko konponbidea” proposatu dizue aldi berean. Zeintzuk dira bere baldintzak?

Adiskidetasunezko konponbide hori gauza zedin, bost konpromiso hartu behar zituen EHEk. Lehena, eduki arau-hauslea –hau da, Olentzeroren bideoa– berehala kentzea sare sozialetatik eta zabaldua izan zen gainerako bitartekoetatik. Bigarrena, CCOOk dituen eskubide esklusiboak aitortzea, ohartaraziz antzeko arau-hausteren bat errepikatuko balitz, zigor-klausula bat abiatuko luketela. Hirugarrenik, etorkizunean CCOOren irudiari, jabetza industrialari eta instalazioei eragiten dien antzeko ekintzarik ez egiteko edo ez zabaltzeko idatzizko konpromisoa hartzea. Eskatu ziguten laugarren konpromisoa izan zen aurrez aipatutako baldintza guztiak bete izanaren frogak aurkeztea. Eta bosgarren eta azken konpromisoa komunikazio honen konfidentzialtasuna gordetzea zen, baita bertatik erator zitezkeen negoziazioena ere.

Eskaerak oro har nahiko deigarriak dira, besteak beste konfidentzialtasunaren eskakizuna. Nola interpretatzen dituzue?

EHE beldurtzeko mehatxu gisa. Isilpean egin nahi izanak, gainera, adierazten du euskararen alde janzten duen maskara hori babestu nahi duela. Pentsa eurentzat zer lorpen litzatekeen euskarafabo gisa seinalatzen duen eragileak hori egiteari uztea, bestelako zalaparta publikorik gabe. Mehatxu honekin, ordea, CCOOk argi utzi du ez duela ezer ulertu. EHEk ekintza zuzenak izan ditu oinarri bere sorreratik, eta horrelako mehatxu batekin atzera egingo genuela uste bazuten, oso oker daude.

Bestalde, mehatxu hau publiko eginda, beraiek ere nahiko eremu deserosoan leudeke. Izan ere, sindikatu batek zenbat ekintza aldarrikatzaile eta baketsu egin izan ditu langileen eskubideen alde edota patronalak seinalatzeko? Guri egozten diguten bera egotz liezaiekete eurei ere.

“Adiskidetasunezko konponbidea” onartu ezean salaketa judizialarekin eta espetxe zigorrekin egin dizuete mehatxu. Zehaztu dizuete zeintzuk liratekeen ustezko delituak, eta zenbatekoa espetxe zigorra?

Zehazki egozten digutena da sindikatuaren jabetza intelektualaren, irudiaren eta izen onaren eskubideak urratzea. Mehatxu gutunean lege hauek aipatzen dituzte: 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa (208, 209, 211, 212 eta 263 artikuluak); 17/2001 Legea, abenduaren 7koa, Markei buruzkoa (34 eta 41 artikuluak); 3/1991 Legea, urtarrilaren 10ekoa, Lehia Desleialari buruzkoa (9. artikulua).

Zigor Kodeko 263. artikuluari erreferentzia eginez, bat eta hiru urte arteko espetxe zigorrarekin mehatxatu gaitu CCOOk. Izugarrizko gehiegikeria da.

"[Akordioa] isilpean egin nahi izanak, gainera, adierazten du euskararen alde janzten duen maskara hori babestu nahi duela"

Andoaingo Udala demandatzeko aukera aipatzen du CCOOren gutunak, eta salatu duzue euskarazko testu bat modu “desegokian” itzuli izanak ekarri duela hori. Azaldu dezakezue zer den gertatutakoa?

Gure webgunean, "Denda" atalak Herri Dendara darama; bertatik gure materiala online saltzen dugu. Bada, webgune horren "pribatutasun politika" atalean sartuta, Euskalgintzaren Kontseiluari egiten zaio erreferentzia. Izan ere, Kontseiluaren baitako ekimena da Koparia, eta hark kudeatzen du Herri Denda. Hortaz, helbide gisa Andoainen dagoen Martin Ugalde Kultur Parkea ageri da, Andoainen duelako egoitza Kontseiluak. Webgunea gaztelaniara itzuliz gero, bilatzailearen itzultzaile arrunta erabiliz gero, Kontseilua "Ayuntamiento" (Udala) gisa itzultzen du, eta helbidea Andoain agertzen denez, horrelaxe egiten dute lotura.

Lotsagarria da. Nabarmena da mehatxua prestatzeko ez dutela denbora askorik hartu eta ikerketa askorik egin.

Izan duzue CCOOrekin kontakturik gutuna jasoz geroztik?

Ez.

CCOO sindikatua, bere kide batzuk eta beste zenbait eragile euskararekin duten jarrera eztabaidaren erdigunean dagoen unean jakinarazi duzue gertatutakoa. Nola baloratzen duzue azken bi asteetan ezagutu dena eta piztu diren erreakzio ugariak?

Orain arte, bagenekien CCOO bazebilela oldarraldia elikatzen, hainbat helegite sartuz nahiz diskurtso eukarafoboak zabaltzen. Orain, ordea, frogatuta geratu da talde antolatu bat eta estrategia jakin bat dagoela euskararen kontra egiten diharduena, eta egungo oldarraldiaren erantzule nagusiak agerian geratu dira.

Sindikatuaren erreakzioak argi utzi du harro daudela egindakoarekin eta horretan jarraituko dutela. Uste dut hori kontuan hartzekoa dela, batez ere, eurekin elkarlanean diharduten sindikatu, alderdi nahiz eragile euskaltzaleentzat. Bestalde, Korrikaren erreakzioak oihartzun handia izan du eta, uste dut, euren jarrera erabat koherentea eta txalogarria izan dela eta mugarri garrantzitsua izan daitekeela.

Publiko egin duzuenez, CCOOren balizko tratuari ezezkoa eman diozue. Aurrera begira ze asmo dituzue?

Gertatzen dena gertatzen dela, EHEk ez du bere izaera aldarrikatzailea aldatuko eta euskararen zapaltzaileak seinalatzen jarraituko du. Euskarari eta Euskal Herriari zor diogu. Isilik eta makurtuta nahi gaituzte, baina ez diegu halako plazerik emango. Uste dut, gainera, euskaltzaleak ari garela apurka-apurka esnatzen, beraz, inoiz baino indartsuago jarraituko dugu herria eta kontzientziak astintzen.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.