Bat-bateko fikzioaren fartsa

  • Jon Martinek eta Agin Laburuk Bastidan 8ko Txikian egindako ofizioak piztu du funtsezko debate horietako bat: bertsoaren eta fikzioaren arteko lotura.


2017ko urriaren 31n - 18:46

Esperantzagarri zait azkenaldian bertso munduan sumatzen dudan eztabaida giroa –txapelketa garaian beti biziagoa–. Balio beza bertsolaritzari egotzi izan zaion korporatibismo mamua haizatzeko, kritikak de facto motibo pertsonalekin lotzeari utzi eta kiroltasun pixka batez hartzeko, debate sanoa suspertzeko. Balio beza diziplina normalizatzeko. Irudipena daukat, gainera –sekula kritika publikorik izan ez duen diziplina izanik– eztabaidotako asko funtsezko aferei buruzkoak direla, egungo bertsolaritzaren oinarriak teorizatu gabe dauden seinale. 

Jon Martinek eta Agin Laburuk Bastidan 8ko Txikian egindako ofizioak piztu du funtsezko debate horietako bat: bertsoaren eta fikzioaren arteko lotura. Laburu pintorea Martinen etxeko hormak pintatzen ari da. Kolorearekin asmatu ezinik, hiru aldiz margotu behar izan du etxea, eta Martin oraindik ez dago konforme. Halako batean, –aurrez Martinek maitasun aitortza egin ziolarik–, Laburuk, Martinen kamiseta arrosari keinu eginez, botatzen dio: hoi nola esaten dek / edo gei edo gay / etzekiat Jon baino / nik hoi ez diat nahi / kamiseta horrekin / pentsatzen nian bai. Entzule gehienek, komentarioa Labururena zela ulertuta, txalotu egin zuten. Entzule gutxi batzuek, komentarioa Labururena zela ulertuta, kritikatu egin zuten. Inork ez zion komentarioa Laburuk gorpuzten zuen pintoreari egotzi, zeina izan zitekeen, zergatik ez, lanketa feminista handirik egin gabeko pintore bat.

Puntu honetara helduta, has ninteke –literaturaz edo zinemaz ari bagina egingo nukeen bezala–, fikzioaren autonomia aldarrikatzen, arrazoituz funtsezko akatsa dela autorea pertsonaiatik ez bereiztea, horrek bertsolaria beti moralki zuzena dena botatzera derrigortuko lukeela, eta abar. Baina zertarako? Inork ez zion komentarioa pintoreari egotzi. Entzuleek aho batez ulertu zuten komentario hori Labururena zela, eta bertsolaritza bat-batekoa den neurrian, entzulea joko arauen parte zuzena da. Bat-batekotasunean datza bertsoaren indarra eta muga, eta beraz, ez dezagun epaitu eleberri, pelikula edo munduko denbora guztiarekin osa daitekeen pieza bat bezala. Bat-batekoa denez gero, entzuleak inplizituki ulertzen du bertsolariak ezin duela pertsonaia bat ganoraz sortzeko behar den adina denbora hartu, eta, hortaz, idazle bati ez bezala, ez dio fikziogile estatusa aitortzen. Edo aitortzen dio, baina kasu, pasatu gabe –gustuko ez duen komentario bat entzutean amaitzen da fikzioa–. Esan gabe balihoa bezala benetako fikzioak denbora eskatzen duela, eta inprobisazio errimatuan bertsolaria derrigor ari dela beretik. Parametro horietan sortzen den bertsoa da autofikzio deitu izan zaion mugida horren antitesia: autofikzioa bada norberagandik abiatutako fikzioa, bertsoa da fikziotik abiatutako norbere diskurtsoa.

Gai-jartzaileak azaldu zirenetik bertsolaritzaren izateari dagokion erro erroko gatazka da. Desfase bat gertatzen da etengabe: gai jartzaileak fikziogintzan jartzen du bertsolaria, baina entzuleak ez dio bertsolariari fikziogile estatusa erabat aitortzen. Bat-batekotasuna versus fikzio potentziala, elkarren lehian. Inoiz pentsatu izan dut bertsolariek gehiago kantatu behar luketela antiheroietatik, pertsonaia perbertso eta nazkagarrietatik. Azken aldian ez daukat hain argi –ez kantatu behar ote luketen, ze onkeriatik ihes egiten saiatzea beti da txalogarria, baizik eta zenbat diren ariketa hori bertsotan ondo egiteko probabilitateak–. Nor da gai tamainako sagardotegitan sartu eta bizirik ateratzeko, mezua pentsatzeko minutu erdi ere ez daukazun diziplina batean, 10-8 silabatan sartuz eta errima kontsonantea erabiliz, gainera?

Bertsoaren formatuak –bertsolari-entzule-testuinguru ekuazioak– bere mugak ditu, eta agian garaia da horiek onartzeko. Besteen paperean sartzeko eskatzen zaie bertsolariei, baina esaten ez dena da paper batzuk beste batzuk baino puskaz zailagoak direla, eta inprobisazio errimatua ez dela formaturik egokiena fikzioaren legeak muturreraino eramateko. Baiki, bertsolaria beretik ari da gehiago pertsonaiatik baino, ezinbestean. Hala izango da beti.

Horregatik urduritzen naiz gauza batzuekin. Bertsolari bati baino gehiagori entzun diot berriki: “bertsolaritza poesiara gerturatu da”, edo “pertsonaien eraikuntzan sakondu nahi dut”. Halakoen aurrean, bertsoaren jatorrira itzuli eta bat-batekotasuna eta ahozkotasuna berriro aldarrikatzeko gogoa sentitzen dut: biba ateraldi espontaneoa, erantzun zuzena eta ideia bizia.

Gainontzeko aferetarako badaude toki aproposagoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude