Basoen zaindaria

  • Bele, erroi eta miken familiako lehengusu desberdina da. Gurean ditugun korbidoek orokorrean lumaia beltza izaten dute, beleak eta erroiak kasu, edota zati bat gutxienez beltza, mikak bezala. Baina hegazti hau argia da kolorez. Beltzak dituen lumak buztanekoak eta hegan egiteko lumak dira. Bular eta bizkarraldea arre urdinxka kolorez du estalia, paparra eta buztan azpia, aldiz, zuria, eta mokoaren ertzetik irteten zaion bibote beltz bat ere badu. Baina badu lumaian atentzioa bereziki ematen duen atal bat, sorbalda ingurukoa: lumak marra beltz eta urdin distiratsuz josiak ditu.

Jakub Halun / CC A SA 4.0I

2026ko ekainaren 28an - 19:26
Azken eguneraketa: 2026-07-03 11:24
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Eskinoso eurasiarra (Garrulus glandarius)

TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik isatsera: 32-35 cm. Hego-luzera: 54-58 cm.
NON BIZI DA? Basoan. 
ZER JATEN DU? Intsektuak, fruituak, arrautzak eta beste hegaztien txitak.
BABES MAILA: Europa mailan babestuta dago.

Basamika deitzen diote batzuek, eskilaiso, eskilaraso, eskulaso edo eskilaso bezalako hainbat aldaera ditu Euskal Herrian. Izen ofiziala: eskinoso eurasiarra (Garrulus glandarius) da. Taldean mugitzen da batzuetan eta horrelakoetan ‘kraack’ latz bat egiten du, alarma egoeretan behin eta berriz errepikatzen duena. Bestalde, beste korbidoak bezalaxe, beste hegazti batzuen soinuak ere imitatzeko gai da.

Basoko hegaztia da eskinosoa, hostozabal zein konifera basoak ditu gustuko, baina eukaliptadiak saihesten ditu. Bere familiakide bele, erroi eta mikak bezala elikadura oportunista du, hau da, bere elikadura eskuragarri dauden aukeretara moldatzen du. Udaberri eta uda inguruan bere dieta intsektujalea izaten da gehienbat: harrak, zizareak, matxinsaltoak, kakalardoak eta abar. Baina arrautzak, beste hegazti batzuen txitak eta fruituak ere jaten ditu. Udazken eta negu partean, aldiz, intsektu gutxiago egoten dira eta fruituz elikatzen da gehienbat: gaztain, ezkur eta arkakaratsez, besteak beste.

Eskinosoak berezi egiten duen portaera bat badu. Katagorriak bezalaxe, eskinosoak ere ezkurrak eta bestelako fruituak biltzeko ohitura du, lur azpian sartuta, horiek gorde eta janari falta dagoenean eskuragarri izateko. Baina ezkutaleku guztietaz oroitzea ez omen da erraza, eta batzuetan ezkurrak non gorde dituen ahaztu egiten du. Eta lur azpian geratutako ezkur, gaztain eta abarrek, beraien bizi zikloa jarraitu eta ernetu egiten dira. Horrela, eskinosoak gure inguruneak basotzen laguntzen dituela esan dezakegu. Gure basoen zaindaria da.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...