Baskoierazko zenbaki baten lehen lekukoa izan daitekeen idazkun bat agertu da Irulegin

  • Idazkuna 2020an aurkitu zuten Nafarroako Irulegiko aztarnategian, Irulegiko eskua agertu zen etxe berean. Ostegun honetan azaldu dute Iruñean horiei buruzko ikerketa, eta baliteke aztertutako inskripzioa baskoierazko lehen zenbakia izatea: abaŕ, euskarazko hamar litzatekeena.

"Abar" (hamar) inskripzioa daraman zeramika zatia. Arantzadi Zientzia Elkartea

2026ko ekainaren 25ean - 16:53
Azken eguneraketa: 2026-06-26 09:51
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aurkeztutako aztarna zeramika zati baten gainean idatzita dago, eta garrantzi handia du baskoieraren eta iberieraren arteko loturari buruz jakiteko, edota bi hizkuntza horiek euskara historikoarekin edo egungoarekin duten loturari buruz gehiago ezagutzeko.

Inskripzioa bi puskatan zatituta aurkitu zen duela sei urte, uste da biltegiratze-ontzi baten ertz zati bati dagokiola, eta haren edukierari egiten diola erreferentzia. Seguruenik herrixkan bertan edo inguruetan egin zen. Iruñeko Udalak adierazi duenez, “interpretazio hori zuzena baldin bada, idazkuna baskoierazko zenbaki baten lehen testigantza izanen litzateke; gainera, haren formak guztiz eginen luke bat berriki egin diren ikerketek iberierazko hamar zenbakiari egotzi dioten formarekin, eta, aldi berean, iberierazko zenbaki hori eta euskarazko (h)amar zenbakia bat datozela zehaztu da”.

Aurkikuntzaren aurkezpena.Arantzadi Zientzia Elkartea

Joaquin Gorrotxategik (EHU), eta Javier Velazak eta Joan Ferrerrek (biak Bartzelonako Unibertsitatekoak) egin dute idazkunaren azterketa epigrafiko eta linguistikoa, eta Palaeohispanica aldizkariaren hurrengo zenbakian argitaratuko dute.

Ontzi batean ertzekoak dira aztarnak eta bi zatitan agertu ziren. (Argazkia: Arantzadi)

Bigarren pieza bat ere bai: basi

Aipatutako zati horiekin batera, inskribatutako bigarren pieza bat aurkitu da indusketan, berniz beltzeko kanpaniar zeramikazkoa da, italiar jatorrizkoa, eta basi du idatzita; seguruenik izen laburgarri bati egiten dio erreferentzia –agian ontziaren jabeari eta etxeari–. Irulegiko eskua eta abar zeramika zatia aurkitu ziren etxearen kanpoaldean topatu zuten pieza hori, eta biek bat egiten dute aurrez aurkitutako aztarnekin. Hala, aztarna horiek guztiek berretsi egiten dute Irulegiko herrixkan idazketa lantzen zela egunerokoan. 

Ostegun honetan aurkeztutako bi piezak Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak erakusketan daude ikusgai urtarrilaz geroztik eta milaka herritarrek ikusi dituzte, baina ez zuten inolako azalpenik. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea, Mattin Aiestaran de la Sotilla Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta Irulegiko aztarnategiko zuzendaria, Javier Velaz epigrafista, eta Manolo Romero Arangureneko alkatea izan dira aurkezpenean.

Zergatia hobeto ulertzeko azterketa gehiago beharko badira ere, aurkikuntza honek berresten du badagoela lotura bat iberiar hizkuntza eta euskara zaharraren alfabeto numerikoan. Velazek azaldu duen bezala, dena den, ez dago argi zergatik ote den, edo bi hizkuntzek jatorri bera zutelako, edo batak besteari sistema numerikoa mailegutzan hartu ziolako.

Baskoieraz aritzean hizkuntzalari guztiak ez dira ados jartzen horren esanahiaz. Batzuen ustez euskararen ahaide zaharra da, beste batzuen ustez garai batean baskoierazko hizkuntzak ziren Europako Mendebaldean eta horietakoak lirateke baskoiera edo iberiera. Hizkuntza indoeuroparrak sartzerakoan ordezkatu egin zituzten horiek guztiak eta euskara garai hartatik geratzen den hizkuntza litzateke. Esan bezala, ordea, hori guztia ikerketapean dago oraindik.

Bigarren zatiaren ("basi") azalpenak ematen dituen irudia. (Argazkia: Arantzadi)

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Euskararen historia kanalean gehiago
2025eko urriaren 16
Linguae Vasconum Primitiae
Jalgi hadi mundura... eta hator etxera

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...