argia.eus
INPRIMATU
Bartzelonako CDRek alderdi independentistei bidalitako gutuna: "Ezarri Errepublika edo galduak gaude"

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 19a

Bartzelonako CDRek sei puntu zehatz hauek eskatu dizkiote alderdi independentistei martxoaren 19ko data daraman gutunean:

- Auzitegi Konstituzionalak baliogabetutako legeak plantan jartzea.

- 155. artikulua desobeditzea.

- Kataluniako gobernu legitimoa berrezartzea.

- Independentzia aldarrikapena gauzatzea: batetik, berau Kataluniako Generalitatearen Boletin Ofizialean argitaratzea; eta bestetik, Transitorietaterako eta Errepublika fundatzeko Legea martxan jartzea.

- Prozesu Konstituziogilea zabaltzea, oinarrietatik eraikiko dena eta herriaren aniztasuna islatuko duena.

- CDRak onartzea subjektu politiko moduan, Errepublika gauzatzeko gaitasunarekin, frogatu zuten bezala erreferenduma egitea bermatu zutenean eta azken bi greba orokorrekin herria geratzea lortu zutenean.

"Saiatzen ez bagara galduak gaude"

Neurri horiek ezartzea beharrezkoa dela diote gutunean, "herri gisa, saiatzen bagara, galdu dezakegu; baina saiatzen ez bagara galduak gaude. Espainiako estatuak gure herria sumiso eta anulatua nahi du eta ez da geldituko hori lortu arte". "Estatu kolpea"ren ondoren ez dagoela horretarako dudarik diote: preso politikoak, erbesteko gobernua, auzipetutako irakasleak, CDRen aurka handitzen ari den errepresioa, auzipetutako 700 gora alkateak eta herri katalana jasaten ari den prekarizazio estrukturala.