Atzo Esquadra Mossoak Bartzelonako Gràcia auzoan dagoen Casal Popular etxe okupatuan sartu eta hustu egin zuten. Okupazioarekin bukatu izana salatzeko 500 lagun inguruk manifestazioa egin zuten Gràcia auzoko kaleetan zehar, eta istiluekin amaitu zen. Casal Popular Bartzelonako eraikin okupa esanguratsuena zen Casa de la Muntanyarekin batera.
Okupazioaren aldeko eta Bartzelonako Udalaren, bankuen eta higiezinen enpresen kontrako oihuak egin zituzten protestan. Bi gaztek agiria irakurri zuten okupatutako etxetik botatzea salatuz eta okupazioaren aldeko aldarria eginez. Bankuen aurkako pintaketak eta txikizioak ere egin zituzten, Directa.cat hedabideak jaso duenez.
Behin manifestazioa amaituta, hainbat pertsonak edukiontziak kaleetan bota zituzten, Mossoen furgonetei bidea itxiz. Orduan lehen kargak hasi dira, eta hainbat orduz izan dira gauean Gràcia auzoan istiluak. Azkenean, manifestariak talde txikietan disolbatu direnean amaitu da.
Gràciako Gazteen Batzordeak 2002an okupatu zuen Casal Popular eraikina eta 2009az geroztik husteko agindua emana zegoen. Epaileak aurtengo otsailean jendez husteko agindua eman zuen, baina filtrazio bat medio ezin izan zuten hustu. Hurrengo aginduak apirilaren 1etik ekainaren 1a arteko tartea jaso zuen eta atzo, hilak 8, Casal Popular hustu zuten.
Hemen gaztetxeari buruz egindako bideoa: