attä
Sara Zozaya
aloud music sl, 2025
---------------------
Sara Zozayak bakarkako laugarren lana argitaratu berri du. Tira, bakarkakoa baino, bere izenean egindakoa. Oraingo honetan, adibidez, Ke Lepo izenez ezaguna den Alejo Orbegozo izan baitu ondoan. Bien arteko baturak sortu du attä, elektronika ultra intimista ariketa.
Badirudi ambient musika eta dream-popa nostalgia ariketa bat direla. Malenkonia. Zozayak, ordea, ez du iraganera eramango gaituen proposamenik egin. Alderantziz, orainarekin erabat loturik dagoen musika da. Sentsiblea eta sentikorra.
Zozayaren aitak 1992an Pakistanera egindako bidaia da zentro narratiboa. Lau Haizeta espedizioa egin zuten Gasherbrum I-era, amaieran gailurra egitea lortu ez bazuten ere. Bidaia hartan egindako argazkiekin bideoklip magnetikoa egin du Itziar Garalucek. Eta aitaren testuak eta gogoeta bat: “Jaio naiz itzuli zinelako”.
Ez zait iruditzen tristeziarekin konektatzeko kantuak direnik. Alderantziz, kantu hauek badute Maria Zambranok “basoetako argigunea” deitzen dion zerbait: basoko itzalen artean harrapatu ezina den argia. Bakea. Horregatik da, bada, nostalgiaren kontrako musika. Eta horregatik erreskatatzen du Castillo Suarez: “Poemak tiroak dira. Iragana desegiten da”.
Bi EP eta album bat argitaratu ditu donostiarrak honezkero, III, I eta Nara, eta bakoitzean, bere esentziara buelta bat gehiago ematen duela dirudi. Joxean Artzek aipatzen zuen moduan, egiaren bilaketa, barruraka doan espiral bat izango balitz moduan. “Norberara” buelta bat gehiago. Eta esan ezin dena esan gabe mantenduta: horixe da misterioa. Eta horixe, artearen muina. Norberak bete behar duela hutsunea daukanarekin.
Gauza txar bat atera diezaiokegu lanari: hamalau minutu eskas irauten dituela. Horrelako beste hamar eskainiko ote dizkigu gero eta artista erraldoiagoa bihurtzen ari den Sara Zozayak?