Barne baretasun ezaren oihartzuna


2026ko urtarrilaren 20an - 12:29
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zure estoldetan
Ixabe
Usopop, 2025

------------------------

Ziburuko (Lapurdi) Xabi eta Beñat Bizkaik eskarmentu handia daukate musikagintzan; hala nola BKBO, Sorotan Babies, Bobxatar, Torï… taldeetan aritutakoak dira. Pandemiaren bueltan, baina, rock gogorragoa alboratu eta batez ere Xabik gustuko dituen bestelako sonoritateetan sakontzea erabaki zuten; soinu pausatuago eta ilunagoetan, hain zuzen ere.

2022an bi anaiek ordura arte grabatutako hainbat demo batzen zituen Antena baita lana kaleratu zuten; baina, gerora, inguruko puntako musikariak proiektura erakarri eta taldea osatu zuten, talde biribila osatu ere. Hala, Zure estoldetan izeneko lan luzea taldekide guztien artean garatu dute Xabiren ideietatik eta hitzetatik abiatuta. Berako (Nafarroa)  Atala estudioetan zuzenean eta modu analogikoan grabatu dute, Iñigo Irazokiren gidaritzapean.

Musikari oso trebatuak dira guztiak eta kantu bakoitzak behar duen kontzentrazio, tempo eta giro (gehienetan pausatu eta ilunak) lortu dituzte teklatu, baxu, bateria, perkusio, gitarra, ahots oso landuekin; eta, kasu batzuetan, biolin eta biolaren laguntzarekin. Xabik aipatu izan ditu bere iruditerian Leonard Cohen, Robert Wyatt, Anari eta beste, baina ez daude urrun Ingalaterran iraganean folk eta progresiboaren arteko zubi lanak egindakoak zein Nick Cave eta Tinderstick esaterako. 

Emaitza? Dotorea: Intzura abestiak misterioa, sakontasuna (Cave) eta armonia oso zainduak batzen ditu. Gauenara, progresibo eta Inglaterrako 1960ko hamarkadako folkaren bilgunea. Mirambo, oso itsaskorra den rock-folk-pop pieza. Etzidamu, biolinak gidatutako folk pieza ederra. Lanari izena eta izana ematen dion Zure estoldetan da kantu dotore eta sarkorra instrumentuz eta ahotsez ederto jantzia, hit!-a. Gain hartan ikusi arte, ñabardura asko dauzkan folk-pop intimista, sorgindutako lo kanta. Su-alde kanta, nondik gatozen, naturatik, deskribatzen duen instrumentala. Txinparta, folka sortu eta intentsitate orkestrala areagotzen duen pieza. Eta, azkenik,, 1990eko hamarkadako sonoritate eta erritmoa gidari, sinteekin progresibo bilakatzen den kantutzarra.


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.