Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak sustatuta, Contigo-Zurekin, EH Bildu eta Geroa Bai taldeek aurkeztutako mozio batek eskatzen zuen 2028an poligonoa erabiltzeko kontratua ez berritzeko premiatzea Espainiako Gobernuari, eta inguruko herrientzako finantziazio-plan alternatibo bat lantzea. Kontra azaldu dira UPN, PSN, PP eta Vox.
"Espainiaren defentsa" izan da, beste behin, Bardeetako tiro poligonoaren itxieraren kontra azaltzeko alderdi espainiar eta eskuindarrek erabilitako argudioetako bat Nafarroako Parlamentuan: "Espainiak defendatzeko gaitasuna izan behar du mehatxuz beteriko testuinguru geopolitiko batean", esan du talde nagusia den UPNko ordezkari Felix Zapaterok.
Astearte honetan parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen batzordera mozioa eraman dute Contigo-Zurekin, EH Bildu eta Geroa Bai taldeek, Bardeetako Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak bultzatuta. Bertan, parlamentuari eskatzen zaio Espainiako Defentsa Ministerioari premiatzeko Bardeetako Komunitatearekin duen errentamendu-kontratua ez dezan berritu 2028an iraungitakoan.
Tiro eremua duela 75 urte ireki zuen erregimen frankistak, 1951ko ekainaren 9an, AEBetako aire armadaren zerbitzura jartzeko. Geroztik hainbat aldiz berritu dute errentamendu-kontratua, azkena 2018an, automatikoki
"Urtez urte, gero eta arrazoi gehiago daude Bardeetako tiro- eta bonbardaketa-poligonoa eraistea eskatzeko –dio testuak–. Espainiako armadak ez ezik, NATOko beste herrialde batzuek ere erabiltzen dute. Bertan armamentuak eta balizko gerrak entseatzen dituzte".
Errentamendu-kontratuaren ondorioz, Bardeetako Komunitateko kide diren hemeretzi udalerrik, Zaraitzuko eta Erronkariko ibarrek eta Olivako monasterioak, bakoitzak milioi erditik gora euro jasotzen dute urtean, "konpentsazio" modura. Hain justu, mozioko beste puntu batek udalerri horientzako "finantzazio-plan alternatibo bat" taxutzea proposatzen du, kanon horrekiko menpekotasuna amaitu aldera.
Baina ekimena ez da aurrera atera, UPNk, PSNk, PPk eta Voxek kontra bozkatu baitute, nork bere arrazoiak emanda. Esaterako, urte luzetan poligonoaren aurka agertu izan zen PSNko ordezkari Carlos Menak esan du Bardeetako Komunitateko udalerriek "demokratikoki" erabaki dutela aprobetxamendurako lurrak errentan jartzea.
Tiro eremua duela 75 urte ireki zuen erregimen frankistak, 1951ko ekainaren 9an, AEBetako aire armadaren zerbitzura jartzeko. Geroztik hainbat aldiz berritu dute errentamendu-kontratua, azkena 2018an, automatikoki.
Tiro eremuaren aurkako XXXVI. martxa
Pasa den larunbatean, mozioa aurkezteko ekimenaren berri eman zuen Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak. Bere bozeramaileetako bat da Milagros Rubio eta nabarmendu zuenez, "munduan dauden gatazka belikoen" testuinguruan, tiro eremua "lehen mailako tresna militar" bihurtu da.
Azpiegitura horrez gain, hari loturik dagoen Ablitasko aerodromo militarra ere ixteko eskatu dute asanblada horretatik, eta ekainaren 9an tiro eremuaren aurka egingo den XXXVI. martxan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei, "belizismoaren aurrerakadari" kontra egiteko. Ibilaldia 11:30ean irtengo da Los Aguilares gunetik.
Prentsaurreko berean, Aragoiko Ejea de los Caballeros eta Herrien Gerrari Ez plataformako kide José Luis Ruizek instalazio horiek sortu dituzten istripu ugariak eta eragiten duten "segurtasun falta" nabarmendu zuen. Ekologistak Martxanek, berriz, gogorarazi zuen tiro eremua parke natural batek inguratuta dagoela.
'Bardeak Aske 2028' manifestua
Bardeak Aske plataformak ere ekaineko martxara joateko deia luzatu du aurten, baina irakurketa propioa egin du. Errentamendu-kontratuaren amaieraren harira, tiro eremuaren aurkako mugimendua indartzeko sortu zen plataforma, eta horretarako manifestua kaleratu zuen 2018an, eta iaz berritu zuen. Jadanik dozenaka eragile eta sindikaturen babesa jaso du.
Manifestuan, besteak beste, lurraldearen "desmilitarizazio osoa" eskatzen da, Bardeetako Komunitateko Biltzarraren "legitimitate eza" salatzen da, eta jasotzen duen diruari uko egiten zaio, "odolez zikinduta" dagoelako.
Plataformak hainbat mobilizazio egin ditu aldarrikapenak kalera ateratzeko. Esaterako, 2025eko urrian Ablitasko aerodromoaren aurkako lehen martxa antolatu zuen.