argia.eus
INPRIMATU
Soronea
“Barazkiak prezio duinean saltzeko bidea dendan topatu zuen osabak”
  • Miriam eta Igone Saldias ahizpek baserriari eta familiako proiektuari eusteko apustua egin dute. Berrobiko Soronea baserrian barazkiak ekoizten dituzte eredu ekologikoan, eta Tolosako Soronea dendan saltzen, modu zuzenean.

Garazi Zabaleta 2024ko otsailaren 05a

“Aiton-amonek esne behiak zituzten, baina duela 30 urte inguru, osabak baserriko erreleboa hartu zuen eta baratzean hasi zen, ekologikoan”, azaldu du Miriamek. Barazkiak prezio duinean saltzeko asmoz eta eredu ekologikoan zuen konbentzimenduagatik, denda irekitzeko apostua egin zuen Iñaki Uranga osabak Izaskun eta Maribi arrebekin batera. Gaur egun, bi ilobak batu dira familiako proiektura. Baserriko barazkiez gain, hurbileko produktu ekologikoen eskaintza zabala dute dendan.

Baratzeko eta dendako lanak uztartzen

Hasieran, barazkiak inguruko azoketan saltzen zituzten Soroneako kideek, baina dendako ateak ireki zituztenetik, han egiten dute salmentaren zatirik handiena. “Bezperan prestatutako barazkiak izaten ditugu dendan, freskoagoak ezin!”, dio Saldiasek. “Aurten, gainera, oilotegia ere martxan jarri dugu, gure arrautzak saltzen ari gara dagoeneko”, gehitu du. Beste zenbait saltoki eta jatetxeri ere saltzen dizkiete Soronea baserriko produktuak. Laster, gainera, webgune bidezko salmenta ere jarriko dute martxan.

Duela hiru urte sartu ziren Saldias ahizpak familiako proiektuan: “Naturarekin genuen erlazioa erabat aldatu zaigu baratzean hasi ginenetik. Oso polita izan da gazteok nahiko galdua dugun harreman hori berreskuratzea”. Biodibertsitatea eta ingurua zainduz bide egokia topatu dutelakoan daude biak. Hasieran, baratzean nahiz dendan, bi tokietan aritzen ziren, baina, orain, lanak banatuxeagoak dituzte: Miriam baratzean aritzen da batez ere, beste langile batekin batera; eta Igone, berriz, amarekin, izebarekin eta laugarren langile batekin dendan.

Denda hurbileko produktu ekologikoz hornitua

Soronea dendan saltzen dituzten produktu guztiak ekoizpen ekologikokoak dira, eta denetik dute: kosmetika, ogia, zerealak, ontziratu gabeko produktuak, garbikariak… “Super txiki bat da hau”, dio Igonek. Produktu guztiek, gainera, identifikazioa errazteko koloretako etiketa dute: 0Km, 200Km edo 1.000Km. “Jendeak jatorria erraz identifikatzeko moduan jarri nahi genituen gauzak”.

Urteotako ibilbideari begiratuta, gauzak pixkanaka hobera doazela uste du Saldiasek: “Egun gehiago baloratzen da produktu ekologikoa, bertakoa… garrantzi gehiago ematen zaio nork eta nola ekoitzi duen jakiteari”.