Baratzeak badu umorerik: aurkeztu da 'Altza Porru' liburua

  • Garaiko produktuak dastatzeko aukera izan dute hilaren 16an Karabeleko ekonekazaritza etxalde esperimentalerako gunera gerturatu direnek. Jakoba Errekondok zortzi euskal marrazkilarirekin eta ARGIArekin elkarlanean argitaratu duten 'Altza Porru' liburuaren aurkezpenari hasiera emateko leku aproposa topatu dute, albahaka eta tomate landare artean, iritsi bezala gaian sartzen joateko. Bizi Baratzea proiektuaren barruan kokatzen da bigarren liburu hau, lurrari lotua dena irudi eta umoretik ezagutzeko aukera ematen duena.

     

     


2016ko ekainaren 17a - 12:59
Ezkerretik eskuinera: Jakoba Errekondo, Ainara Azpiazu “Axpi”, Joseba Larratxe, Asisko Urmeneta, Antton Olariaga, “Mattin” Martiarena eta Patxi Huarte "Zaldieroa". (Arg.: Dani Blanco)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lan gogorra iruditu izan zait niri beti baratzekoa. Ederra ere bai, seguru asko, gehienbat uzta jasotzerakoan, baina lurrak nahi izanez gero ez du jai-egunik. Polita bai, izango da, baina lana. Edo hala neukan ulertuta nik.

Gurasoen etxe atarian badaukagu lur mutur bat, eta ziurrenik inguruko askok baino harreman gertukoagoa izan da nirea lurrarekiko; gutxienez ezagutu baititut sasoiko landareak hazten, eta tokatu baitzait udako egun beroen ostean ilunabarreko freskatua ematea tomate, piper eta letxugei edo abuztuko eguzki galgatan patata ateratzea, familiako plana bailitzan. Baina lasai nago, batek baino gehiagok esan baitit adinean gora egin ahala pizten dela baratzezaintzarako grina. Eta balkoiko letxuga batzuk jarri ditut badaezpada ere, grina esnatzen hasten zaidan-edo, probatze aldera.

'Altza Porru'ren aurkezpenak ere motibatu nau pixka bat. Maialen Lujanbiok hartu du hitza Urko Apaolaza ARGIAko kazetariak emandako azalpentxoaren ondoren, eta hitz egin digu liburuan idatzitako hitzaurreaz. Kalekumia. Nire burua sentitu ahal izan dut egoera horretan, baratzeko ezagutzen hastapenetan, hiztegi eta tresneria norberarentzat berri bat deskubrituz. Baina umorerik galdu gabe eta irri nano bat eginez ondotik begira pasatzen diren Tomate Urdinduen Kontseiluko zaharrei.

Idoia Torregaraik egin du Jakoba Errekondoren aurkezpena, herrikidea izanik askok baino hobeto ezagutzen baitu, bere terrenoan, egoera naturalean.

Jakobak berak eman dio liburuari errepasorik sakonena jendaurrean. Marrazkilariek egindako komikiak tartekatzen dituen testuak idatzi ditu Errekondok, ilargia, euskarazko esaerak, baratzearen diseinuak edo landareei eta lurrari lotutako irainak gaitzat hartuta.

Komikilariek hiru ariketa egin behar izan dituzte liburuan. Batetik gai librean ortuaren inguruko istorio bat sortu dute; bigarrenik Jakobak irratian jasotzen dituen galderak eta emandako erantzunak hartu eta bakoitzak galdera/erantzun bat irudikatu du; eta hirugarren ariketa bertsotako kartzelakoa bezala definitu dute, desafioka. Gai berdina jarri zaie mahai gainean zortziei, eta besteek gai bera landu behar zutenik jakin gabe egin dituzte marrazkiak. Ikustekoa da gai bera zein enfoke eta estilo desberdinetatik hartua den.

Karabelekon ere lanean jarri dituzte, aitzurrik hartu gabe baina margoak eskuan, Ainara Azpiazu “Axpi”, Joseba Larratxe, Antton Olariaga, Asisko Urmeneta, “Mattin” Martiarena eta Zaldieroa. Unai Iturriaga eta Unai Gaztelumendi falta izan dira baina egin dute azkar-azkar beren karikatura bana eta presente izan ditugu. Momentuan egin dituzte beren ilustrazioak eta azaldu digute zer egin duten 'Altza Porru'n.

Bertaratutakoek izan dute ondoren aperitifaz gozatzeko tartea, eta liburu berria besapean alde egin dute askok. Batzuk momentuan eman diote lehen errepasoa eta beste batzuk etxerainoko bidea aguantatu dute ireki gabe, eseritakoan plazerez gozatzeko.

Ni etxeko lanak erdi eginda azaldu naiz, liburuari gainetik behintzat errepasoa emanda, beldur bainintzen bestela ez nuela txisteen erdirik harrapatuko; baina orain bai, lasaiago helduko diot irriaren baratzeari, bete eta osasuntsu ezin baitaiteke izan irribarrerik gabe!


Bizi Baratzea kanaletik interesatuko zaizu...
Hitzaldiak
Errekondoren kontsultategia, bai esan?

Horrela has litezke Jakoba Errekondok herriz herri eskaintzen dituen hitzaldiak. Euskal Herri osoan barrena dabil, 2015ean Bizi Baratzea liburua argitaratu zuenez geroztik –aurretik ere eman zuen makina bat hitzaldi–.


Garbiñe Larrearen hitzaldi eta tailerrak
Teoria jakitea ondo dago, baina praktikan jarri

Zikindu beharreko liburuak dira hauek”, diosku Garbiñe Larrea Iturraldek. Hor jartzen dituenak praktikan jartzen diren seinale da liburuak olio-, belar- edo lur-markak edukitzea.


Hamar urteak ospatuko ditu Lurzaindiak igandean Senperen

Laborantza herrikoiaren alde eta espekulazioaren aurka lanean dabilen Ipar Euskal Herriko egitura 2013an osatu zuten eta orduz geroztik 35 laborari dabiltza ekoizpenean, Lurzaindiaren lurretan.


Mineralen erauzketa laukoiztu egin beharko litzateke auto elektrikoen eta eolikoen eskaria asetzeko

Energiaren Nazioarteko Agentziak egindako txosten baten arabera energia berriztagarrien bidez planetaren berotze globala 1,5 gradura mugatzeko helburua lortzeko, kobrea, nikela, litioa eta kobaltoaren ekoizpena 2030 urtean ia lau aldiz handitu beharko litzateke.


Eguneraketa berriak daude