argia.eus
INPRIMATU
Gurutzetako Ospitaleko Larrialdiak “kolapsoaren ertzean” daudela salatu du ESK sindikatuak
  • Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean zuzendaritzak "beste aldera begiratzen" duela kritikatu du.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 11
Barakaldoko Gurutzeta Ospitalea. Zarateman (CC CC0 1.0)

ESK sindikatuak adierazi du ohiko langile faltari gehitu zaiola "jende asko" larrialdietara joatea, eta ohartarazi du horrek ospitalea "kolapsoaren ertzera" eraman duela. "Horren kalteak herritarrek zein langileek ordaintzen dituzte" zehaztu dio ARGIAri ESK-ko kide Imanol Rodríguezek: "Herritarrek ez dute jasotzen beharrezko kalitatezko arreta duina eta langileek lan-karga onartezinak dituzte".  

Astelehenean larrialdietako "korridorea itxarongela izatera" pasa zela salatu dute, hamahiru pertsona izan baitziren bertan artatuak. Gainera, "zazpi anbulantzia kokatzeko zain" eta boxak "bete-bete eginda" zeudela adierazi dute; bitartean, anbulatorioan 84 paziente zeuden eta beste horrenbeste tratamendu-eremuan. Hori guztia "plantilla eskasia nabarmenarekin" eta "errefortzu oso gutxirekin" kudeatu zuten, Rodriguezek baieztatu digunez.

Zuzendaritzak larrialdiak kudeatzeko plan bat prestatu beharrean "beste aldera" begiratzen duela salatu du ESK-k. Arazoari behin betiko irtenbidea emateko beharra azpimarratu du Rodríguezek: "Arazoa ez da puntuala, harremanean faktore asko daude, eta horri aurre egiteko irtenbide sakon eta ondo pentsatua eman behar zaio". Besteak beste, Gurutzetako Ospitalean "instalazio falta argia" dagoela ziurtatu du.

Larrialdiak kudeatzeko planaren helburua izan beharko luke, sindikatuaren ustetan, "bai anbulatorioan, bai ospitalean emakume langileen prekaritatea amaitzea" eta herritarrek "merezi duten arreta maila bermatzea". 13:00ean gaiaz hitz egiteko bildu dira sindikatuko eta zuzendaritzako ordezkariak.