argia.eus
INPRIMATU
Bankuak hipoteka bereziak eskaintzen ari dira, etxegabetuen pisuak azkarrago saltzeko
  • Banketxeak hipoteka bereziak eskaintzen ari dira saldu ahal izateko finantza krisian eragin zituzten etxegabetzeen bidez lortutako pisuak.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 30
2012ko manifestazio bat Madrilen, etxegabetzeak gelditzeko eskatuz (argazkia: David Fernandez / Diagonal CC-by-sa).

Higiezin burbuila lehertu aurreko egoerara itzuli nahi dute banketxeek, etxebizitzak erosteko eta ez alokatzeko kulturara. Horretarako, herritarren konfiantza berreskuratu behar dute, krisi urteetan Espainiako Estatuan 200.000tik gora kaleratze egon baitira, momentu batzuetan eguneko 500 ingurura iritsiz.

Hipotekak leuntzea da estrategia. Euriborraren balioa + %0,90 interes maila baxuan eskainiz edo etxebizitzen balioaren %100eko finantziazioa proposatuz –orain arte gehienez %80koa izan ohi da– limurtu nahi dituzte bezeroak.

Tasa aldakorreko interes maila baxuak eskaintzen ziren krisia hasi aurretik, jendea hipotekatzea sustatzeko, baina Euriborraren igoerak edo UTBan (urteko tasa baliokidea) aldaketek, hasieran ordaintzen denetik bikoitzera igo dezake ordaintzen den kopurua.

Banketxeak pisuaren %100 ordaintzeak badu bere ifrentzua ordea, interes gehiago eta beraz, pisuarengatik gehiago ordaintzen amaitzen delako.