Sei sari banatu ditugu: Prentsako saria Jakin aldizkariari, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki bereziagatik, ikus-entzunezko saria Enarak dokumentalari, entzunezko saria Antxeta irratiari, Interneteko saria Inguma datu-baseari eta kanpainaren saria Aroztegiko Elkartasun Komiteari. Merezimenduzko saria Bilboko Zenbat gara elkartearentzat izan da. Ehun lagun inguru bildu dira Usurbilgo Atxega Jauregiko ekitaldian.
37. edizioa izan da aurtengoa eta Usurbilgo Atxega Jauregian banatu dira sariak. Ehun pertsona inguru bildu dira otordu eder baten bueltan; hedabideetako, euskalgintzako, kulturgintzako eta instituzioetako ordezkariak elkartu dira. Mahai baten inguruan, berriz, duela 50 urtez geroztik ARGIAko harpidedun diren sei lagun izan ditugu gonbidatuen artean. Bestalde, lehen aldiz Alaia Gaztelumendi eskultoreak egindako garaikurrak banatu dira. Gaztelumendik Anton Mendizabal eskultorearen lekukoa hartu du, azken honek 35 urtez sarien oroigarriak egin eta gero.
Bazkalostean egin dute sari banaketa, eta Alaia Gaztelumendik sortutako garaikur berria jaso dute sarituek. Hauek dira aurtengoak (informazio gehiago gainean klikatuta):
Prentsako saria: Jakin aldizkaria, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki berezia.
Ikus-entzunezko saria: Enarak dokumentala.
Entzunezko saria: Antxeta irratia.
Interneteko saria: Inguma datu-basea.
Kanpaina onenaren saria: Aroztegiko Elkartasun Komitea.
Merezimenduzko saria: Zenbat Gara elkartea.
ARGIAko komunitatea hurbil
Aurten aurkezle lanetan Beranduegi podcasteko Jon Torner eta Aimar Uribesalgo aritu dira, eta espero zen moduan, umorez zipriztindu dute saioa.
ARGIA babesten ari diren harpidedunek mahaia osatu dute. 50 urtez ARGIA komunitateko kide diren sei gonbidatu izan dira Lasarte-Orian: Luis Mari Ralla Arruti, Beñat Ralla Yusta, Higinio Oiartzabal Idiakez, Begoña Legarreta, Koldo Txokarro Fernandez eta Camino Asiain Yarnoz.
Jauzi bat egiteko nahia
Urtero bezala, ARGIAko lantaldeak diskurtsoa eskaini du egun berezi honetan, eta denen izenean hitz egin du Olatz Kortak.
Adierazi du Argia 2026an amets egiteko asmotan dabilela, jauzi bat egitekotan. Hala, proiektu berrien zerrenda luzea azaldu du: hezkuntzari lotutako bideo-erreportajea eta Etxerako lanak podcasta, Goizean argi buletina, Argiaren 100 urteko ondare grafikoa jasoko duen fototeka lizentzia librean, ARGIA eta Larrun aldizkari guztiak digitalean eskuratzeko hemeroteka, Euskal Herriko Bertso Txapelketari buruzko podcasta, Euskal Herriko zuhaitzei buruzko liburu mardula, turismo ereduaz gogoeta egingo duen liburua, aldizkariko ‘Denboraren makina’ atalean oinarritutako liburua, eta azkenik, Donostiako Ategorrieta auzoan gertatutako sarraskia jasotzen duen komikia.
Kortak gogorarazi du jauzi egin ahal izateko ezinbestekoak direla erakunde publikoen dirulaguntzak, eta baita harpidedunen sostengua ere.
Ortzimugan laino beltzak badabiltza ere, (etxean larrialdi linguistikoan gaude eta nazioartean AEBak inperialismoa bere gordinean erakusten ari dira) Argia utopiak zorroztasun periodistikoz eta kazetaritza alaitasunez egiten saiatuko dela esanez bukatu du hitzaldia Kortak.
Bideo honetan ikus dezakezue ekitaldia osorik:
Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldi honen babesle diren ondorengo erakundeei:
Arabako Foru Aldundia
Bizkaiko Foru Aldundia
Emakunde
Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia
Kutxabank
Laboral Kutxa
Nafarroako Gobernua, Euskarabidea