Abenduaren 22an sinatu zuten akordioa Zumaiako ontziolaren erosle berriarekin eta lan baldintzetan hainbat aldaketa adostu ondoren itzuliko dira 59 langile; beste zazpik erretiroa hartuko dute edo errelebo kontratuarekin jardungo dira.
Urtebete baino gehiago iraun duen gurutzebidea amaitu zaie, oraingoz, Zumaiako Balenciaga ontziolako langileei. Datorrren astelehenean itzuliko dira lanera, Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydooks erosle berriarekin kontratua urtarrilaren 1ean hasten zaielako. Abenduaren 22an sinatu zuten akordioa.
2024ko urrian hartzekodunen konkurtsoan erortzear zela hasi zituzten negoziazioak multinazionalarekin, ontziola erosteko eta zuen zorra murrizteko; baina administrazio publikoarekin aurrerapausoak egin arren –besteak beste Cofides sozietate publikoak uko egin dio hari dagokionaren zati bat, 15 milioi eurotik 8,5 milioira–, langileen baiezkoa jasotzeko azken unera arte estutu dute soka jabeek.
Hasiera batean, aurretiko lan baldintzak errespetatuko zituela hitz eman zuen Safeen Drudooksek, baina ondoren nahi izan zuen langileek soldata jaitsiera handi bat onartzea –kasu batzuetan %50ekoa–. Epaitegietan eta abokatuekin itzulinguru asko egin ondoren, azkenean, langileek lortu dute soldata murrizketa %5ekoa besterik ez izatea. Soldatak hiru urtez izango dituzte izoztuta, hori bai. Gainera, lanerako dauden langile guztien kontratuak subrogatu dituzte –59 guztira–, eta beste zazpik utziko dute, erretiroa hartu edo errelebo kontratuarekin ariko direlako.
Enpresak oraingoz Norbegiarako bi itsasontzi egiteko kartera dauka esku artean; hortaz, lantokia berriz martxan jartzeko moduan izango dira.